Ulia mendian (Pasaia, Gipuzkoa) sute bat piztu zen atzo 15:15 aldera, eta Donostiako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak bertan hasi ziren lanean minutu gutxira. Ordu luzez lanean aritu ondoren, sutea kontrolpean edukitzea lortu zuten. Iluntzerako ipar haizea sartu zen, eta horrek baretu zuen sua. Hamar bat hektarea erre dira.
Sutea gertatu zen lekuan zuhaitzak eta landareak baino ez daudela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, pinudiak eta ameztiak batez ere; hau da, pertsonengan edota etxebizitzetan inolako kalterik eragin ez duela azaldu du. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazi zuen mendiaren orografiak zaildu egin zituelaitzaltzeko lanak; une batzuetan mendiak egiten dituen babesleku modukoetan sartu zen sua, eta bertatik atera arte ezin izan zioten aurre egin suhiltzaileek.
Uliakoaz gain, beste bi sute albiste iturri izan ziren Euskal Herrian atzo, biak Nafarroan. Garrantzitsuena herenegun Soraurenen piztutakoa izan zen; suhiltzaileek ostegunetik ostiralera arteko gauean lan egin zuten eta eguzkia atera zenerako kontrolpean zuten egoera, oraindik leku batzuetan sua mantentzen zen arren. Goizak aurrera egin ahala bi helikoptero eta hegazkin batek jarraitzen zuten bertan, baina Soriatik eta Errioxatik(Espainia) heldutako hegazkinek eta helikopteroek lekua utzi zuten. Eguerditik 28 suhiltzaile eremua freskatzeaz arduratu ziren, egun osoan egin zuen beroaren ondorioz sua berriro piztu ez zedin. Nafarroako Gobernuak ezagutarazi duenez, hamalau hektarea inguru kiskali ditu suteak.
Bestetik, Irurtzun inguruan beste sute bat gertatu zen atzo eguerdian, Donostiarako bidean A-15 autobidearen ezkerraldeko haitz batean. Sutearen hedadura txikia zen arren Soraurenen lanean zeuden hegazkin batzuek itzaltzen lagundu zuten. Horrez gain, Lodosako suhiltzaileak ere aritu ziren bertan lanean, eta hegazkinek alde egin zutenean bertan gelditu ziren sua berriz ez zela piztuko ziurtatzeko.
Ulian hamar hektarea kiskali ditu sute batek; Soraurenekoak, berriz, hamalau
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu