Frankismoaren eta 1980ko hamarkadaren artean ustez lapurtu zituzten umeen kasuak argitzeko, aditu independenteek osatutako luketen batzorde bat sortzea proposatu du EAEko ararteko Iñigo Lamarcak. Batzorde horren zeregina litzateke kasuak ikertzea eta txosten bat egitea. Hori oinarri hartuta, batzordeak biktimei egindako kaltea erreparatzeko neurriak proposatu beharko lituzke, Lamarcaren iritziz.
Haren esanetan, ezinbestekoa da gertatutakoa argitzea. «Gertatutakoak alarma eta konfiantzarik eza eragin du gizartean. Beraz, abian dauden auzibideez gain, botere publikoen zeregina da kasuen inguruan kezka eta ardura erakustea».
«Zer gertatu zen jakin behar dugu, eta ume horiek nola adoptatu zituzten». Prozesu horretan biktimen parte hartzea derrigorrezkoa dela adierazi du Lamarcak.
Halako egoeren inguruan legeak zein aukera eskaintzen dituen aztertzeko ere eskatu du. Besteak beste, jaiotzen inguruko artxibo nahiz erregistroetan sartzeko araudia aztertzea proposatu du. «Herritarrek beren jatorri biologikoa eta identitatea jakiteko duten eskubidea bermatzeko legeetan aldaketaren bat egin behar den ikusi beharko da».
Ume lapurtuen kasuak ikertzeko batzorde bat sortzeko eskatu du Lamarcak
EAEko arartekoaren arabera, beharrezkoa da salatu dituzten kasuekin zer gertatu zen argitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu