Haurdunaldian fetua hiltzea galera biologikoa baino askoz gehiago dela dio Jose Antonio Iparragirre ginekologoak; familian espero zuten kidea galdu dutela bat- batean. Bizkaiko Medikuen Elkargoan hutsune horrek sortzen duen doluari buruzko jardunaldiak gidatu ditu egunotan. «Gizarteak, oro har, guraso horiekin ulerkorrak izaten ikasi behar du, sufritzen ari direla onartu».
Nola esaten zaio ama bati, aita bati, espero zuen umea hil egin dela?
Medikuaren arabera ezberdina izan ohi da. Edonola ere, ezin da informazio hutsa modu hotzean eman. Harreman fisikoa ere aproposa izan daiteke; eskutik heltzea. Gertatu zaienak penatu zaituela esan behar zaie; ezin duzula ulertu haien mina, baina badakizula asko sufritzen ari direla. Eta, batez ere, momentu horretan izan ditzaketen zalantzak galdetzeko aukera eman behar zaie.
Zer bitarteko ditu medikuak berri txar hori emateko?
Medikuntza ikasten ari direnei ez zaie dolua zer den azaltzen, ez eta nola lagundu behar zaion pazienteari. Gure ogibideanheriotzarekin topo egitea ohikoa den arren, ez gaituzte horretarako prestatzen. Norbere bizi esperientziak eta logikak erakutsitakoaren arabera jarduten dugu. Hortaz, guk arrazoizkoena dela uste duguna egiten dugu, eta gero ohartzen gara gaizki jokatu dugula maiz.
Zer da inoiz egin behar ez den arren, eginegiten dena?
Lehen, hilda zegoen fetua erditzeko ama lokartu egiten zen, eta fetua gorputegira eraman. Emakumeak umearekin harremana izatea eragotzi nahi zen, eta ahalik eta azkarren ahazteko aholkatzen zitzaion. Hori ez da jokabide zuzena; amak umearen oroitzapenen bat behar du. Haurdun dagoela dakienetik umearekin lotura bat sortzen du. Hain zuzen ere, dolu honen ezaugarrietako bat irrealtasun sentipena da. Umea sentitu du bere barnean; baina ez badago haren arrastorik, frogarik,ez dela existitu dirudi. Ospitaleari amaren historialarekin batera umearen lekukotzaren bat gordetzea aholkatzen zaio: hatz marka, ile xerlo bat, argazki bat.
Zer sentitzen du emakumeak?
Barrutik haustearen modukoa da. Lehenengo, momentu horretan shock egoeran egoten dira. Ginekologoarengana joan eta bat- batean jasotzen dute kolpea. Kasu horietan, gainera, jazotakoa barneratzen hasten direnean, beste sentimendu batzuk agertzen dira. Autoestimua galtzen dute, biologikoki haurdunaldia burura eramateko gai ez direla izan uste dutelako. Errua ere sentitzen dute, umea babesteko gai izan ez direla pentsatzen dutelako. Are gehiago heriotza hori desiratu badute; esaterako, alterazio kromosomiko baten diagnostikoa jaso badute. Erabakia zeuk hartu izanak ez du esan nahi ez duzunik dolurik izango. Ez hori bakarrik: min hori larriagotu dezake, gertatutakoaren parte senti zaitezkeelako. Badira fetua ikusi nahi izan duten kasuak, barkamena eskatu nahi zietelako.
Legeak zer tratuematen die heriotza horiei?
Herrialde askotan erregistro zibilean jaso daitezke ume horien izenak. Gurean ezin da halakorik egin. Hortaz, jaio ondorengo 24 orduen barruan hil den ume horrek ume estatusa galdu, eta, berriz ere, legez, fetu izatera igarotzen da. Jaio aurretik hil bada, are okerrago. Ez da inon jasotzen, umetokian egon bada ere, ume hori familia bateko kide izan dela eta haren falta dutela.
Senda-agiria jaso, etxera joan eta sehaska hutsik aurkitzen dute.
Etxera joan aurretik erabaki behar da zer egin. Batzuek nahiago dute iristerako dena jasota egotea. Psikologikoki aproposena gurasoek elkarrekin jasotzea da: nahi duena gorde eta bestea bota.
Hurrengo haurdunaldietan ba al du eraginik galera horrek?
Psikologoek diotenez, umea galdu duen ama inoiz ez da bera izango. Haurdunaldia ulertzeko modua ere aldatu egiten da. Hurrengo haurdunaldian bestelako jarrera dute. Ez dute asko konprometitu nahi. Ez dute loturarik sortu nahi etortzekoa den umearekin, berriz ere txarto aterako den beldur baitira. Gainera, haurdunaldia lasterketa bihurtzen da: «Ea aurrekoa galdu genuen astea azkar gainditzen dugun».
Doluak zenbat iraun dezake?
Urtebeteren bueltan. Beste haurdunaldi bat izan nahi bada ere, gutxienez epe hori itxarotea aholkatzen da. Hori bai, haurdunaldi berriak ezin du izan galdutakoaren ordezkoa. Galdutakoa ez da inoiz ahazten. Galera horrekin bizitzen ikasten da.
Gerora jarraipenik egiten zaie?
Ez dago horri lotutako protokolorik. Familia medikuak gaizki ikusten badu, psikologoarengana bidal dezake. Ama eta aita horiek sentitzen dutena kontatzeko beharra dute. Euskal Herrian Txagorritxu ospitalean baino ez da eskaintzen jarraipen zerbitzua.
Jose Antonio Iparragirre. Ginekologoa
«Umea existitu den frogarik gabe, amak irrealtasun sentipena dauka»
Espero zuten umea galdu duten andreak autoestimua galdu eta errudun sentitzen direla dio Jose Antonio Iparragirrek. Berria gertutasuna transmitituz eman behar dela ohartarazten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu