Zarautzen urte eta erdiko ume bat hil izanak zirrara eragin du, eta gertatu denaren inguruko zehaztasunak jakin ahala, gero eta handiagoa da arduragabekeriaren itzala. Izan ere, ulergaitza da hildako neskatoaren ama hamaika aldiz jipoitu duen eta urruntze agindua zuen gizonarekin egotea. Are gehiago, gutxienez beste batean umea bahitu egin zuela jakinda.
Atentzioa ematen du umearen ardura hartu beharko zukeen Gipuzkoako Foru Aldundiaren oharrak dioena, alegia, umea inoiz ez duela babesgabe ikusi. Gizarte zerbitzuek gertutik ezagutzen zuten haurraren eta amaren egoera, besteak beste, emakumeari bi aldiz eman ziotelako laguntza bikotekidearen jipoiak jaso ostean. Hori dena jakinda ulergaitza da umea erasotzailearekin egotea. Aurrekari horiekin, ematen du saihets zitekeela gertatutako amaiera lazgarria.
Harrigarria da, gainera, umea eta ustezko hiltzailea kalean lotan egotea, eta inork horri ez erreparatu izana. Non-nahi kamerak eta inoizko kontrol handiena dagoen gizarte honetan atentzioa, behintzat, ematen du.
Aste honetan Jaurlaritzak umeen tratu txarrei aurre egiteko telefono baten berri eman du, eta berriki jakin da Gipuzkoan aurten %60 handitu direla haurren aurkako tratu txar eta jipoi kasuak. Nola liteke aurreratutzat jotzen den gizarte batean gero eta gehiago izatea sektore ahulenek pairatzen dituzten erasoak? Zerk sortzen du hain zabaldua dagoen tratu txar giro hori? Zer dela eta daude zaharrak, emakumeak eta umeak bereziki arriskuan? Hain justu, sektore horiek jasaten dituzte gizarte bazterketa eta pobrezia modurik latzenean, eta ez dirudi kasualitatea denik.
Balioak aldatu egin dira. Duela hamarkada batzuk, askoz ere premia eta behar material gehiago zeudenean, babes eta segurtasun handiagoa zuten zaharrek eta haurrek. Egun, profesionalen zaintzapean utzi dituzte familia askok -gaizki ordaindutako etorkinen esku, askotan-. Ekoizpen sistemaren eta bizi erritmo estresatuaren traba dira. Zerbait egiturazkoa dago egoera horren atzean, eta gutxirako balio du haur bat edo emakume bat hiltzen denean eskuak burura eramateak, egiturazko aldaketak planteatu ezean.
Umeak, babesgabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu