Bi hilabete dira Euskal Herrian lehenengo aldiz jaioberri bat euskaraz erregistratu zutenetik, "eta, dagoeneko, epaileak hasi dira seme-alabak euskaraz erregistratu nahi dituzten gurasoei oztopoak jartzen", esan du gaur Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak. “Oztopoak eta debekuak ez ezik, baliogabetze prozesuak ere abian jarri dituzte epaitegietan”.
2007ko abenduaren 19an Aretxabaletako Erregistro Zibilean egin zuten euskarazko lehen erregistroa, eta ordutik Euskal Herriko erregistro zibil ugaritan izan dira horretarako eskaerak. Guraso askok jo zuten Behatokira informazio eske eta, egoera honen aurrean, Behatokiak umeak euskaraz erregistratzeko kanpaina martxan jarri zuen. Eman beharreko urratsak azaltzen dituen dokumentua prestatzeaz gainera, beharrezkoak diren formularioak ere eskuragarri jarri zituen. “Ez baitzen erraza izan lehen erregistroa egitea”, azaldu du Bilbaok.
Lehen erregistro honen ostean, euskarazko inskripzio gehiago izan ziren. Behatokiak zuzenean kudeatu eta jarraitu dituen kasuei dagokienez, hamabi erregistro zibil baino gehiagotan egon dira eskaerak liburuak zabaltzeko: Tolosa, Santurtzi, Ajangiz, Gernika, Donostia, Ondarroa, Deba, Uharte-Arakil, Bilbo, Igorre...
Herritarrei oztopoak
Kasuren batean, eskaera egin eta hamazazpi egunera bidali dute itzulpen zerbitzura bi orriko dokumentua. Gernika-Lumon, berriz, epaileak umea oraindik jaio ez delako espedientea ez duela zabalduko jakinarazi die guraso batzuei.
Donostiako Erregistroko Epaileak dagoeneko debekatu ditu euskarazko inskripzioak, oraindik hori ebazteko arrazoirik zabaldu ez badu ere, eta gurasoek helegiteko aukerarik ere ez zuten izan, laburra baita umea inskribatzeko epea.
Bilboko Erregistro Zibileko epaileak probidentzia helarazi dio umea euskaraz inskribatu zuen herritar bati, egindako inskripzioa zuzena ez dela eta gaztelaniazko liburuan egin behar duela jakinarazteko.
"Herritarren eskubidea da"
2007ko abuztuan Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioarekin harremanetan jarri zen Behatokia, euskarazko lehen erregistroaren prozedura medio, eta 2008ko urtarrilean jaso zuen erantzuna: "Legearen arabera herritarren eskubidea da, baina moldaketak egin behar dira programa informatikoetan".
Eusko Jaurlaritza, berriz, "etxeko lanak egin gabe" dagoela dio Behatokiak. "Antza denez, euskarak jatorri latinoa ez izatean, arazo gehiago sortu omen dira itzulpenetan, eta guztia prest egoteko hiru hilabeteko epea behar zuela adierazi zuen Jaurlaritzak. 2007ko azaroaren 15ean jaso zuen genuen Jaurlaritzaren erantzun hori. Hiru hilabete pasatu dira eta euskarazko libururik ez dago".
Euskara
Umeak euskaraz erregistratzeko oztopoak eta debekuak daudela dio Behatokiak
Iazko abenduan Aretxabaletako Erregistro Zibilean egin zuten euskarazko lehen erregistroa, eta ordutik erregistro zibil ugaritan izan dira horretarako eskaerak. Epaileek, besteak beste, euskarazko inskripzioak debekatu egin dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu