Umearen hilkutxan gorpurik ez zegoela ziurtatu diotenez, haren bila hasiko da familia

Okariz Sarrias sendia atsekabetuta geratu da albistea jakinda, baina ziur dago alaba aurkituko duela

Haur lapurtuen kasuak salatzeko kontzentrazioa. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Epaitegiek baieztatu egin dute: 34 urtez Donostiako Polloe hilerrian egon den hilkutxan ez dago giza arrastorik. Okariz Sarrias familia atsekabetuta dago albistea jasota. Honela adierazi dio Cecilia Losa desagertuaren ahizpak BERRIAri: «Gertatu dena zinez gogorra da. Haurra lapurtzea bat da, baina nire gurasoek hileta elizkizunak eta guzti egin zituzten. Benetan barkaezina da». Amorratuta dago familia, eta baliteke ahizpa nonbait bizirik egotea. Bada, egoera horri aurre egin beharko diote orain: «Gure zeregina Rebeka aurkitzea da, eta, zaila izan arren, ziur gaude lortuko dugula. Topatzen dugunean, halere, errespetatu egin behar dugu haren nahia».

Mercedes Okarizek, amak, bizitza osoan eraman duen zama arindu du, Cecilia Losaren hitzetan. 1977tik, haurra izan zuenetik, beti eduki izan du lapurtu zioten susmoa, eta orain behintzat lasaiago geratu da: «Ama gaizki dago, baina, tira, egia jakin du. Aita dago okerren, ez zuen sekula pentsatuko egia izango zenik». Ordea, ez dira eskuak gurutzatuta geratuko: «Justizia egin da, eta pozik gaude alde horretatik. Gorpua hilobitik atera ahal izateko baimena lortzea garaipen bat izan zen, eta begira, arrazoi genuen. Orain, gainontzeko familiei laguntzea da gure zeregina».

Okariz Sarrias sendiaren kasua abokatuaren esku dago, gertatu dena «zabaltzea eta hedatzea» baita haien nahia. Losaren arabera, hainbat dira informazioa ezin eskuratu dabiltzanak, eta horregatik ezer egiterik ez dutenak: «Instituzioek gai honetan esku hartzea nahi dugu; hitz politak alde batera utzi eta gogor inplikatzea. Gai delikatua da, eta beharrezkoa da haien laguntza».

Beste kasu bat Hernanin

Hernanin (Gipuzkoa) haur lapurtuen beste kasu bat ikertzen hasiak dira, eta amaren ginekologoa eta garai hartako pediatra izan ziren deklaratzen atzo Donostiako epaitegian. Mutikoa jaio bezain laster inkubagailuan sartu zuten, eta handik 25 egunera amari esan zioten haurra hil egin zela. Gorpua ez zuen inoiz ikusi, kutxa zigilatu batean eman ziotelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.