eliza

"Umiltasun osoz lan egitera" etorri dela adierazi du Munillak gaur Donostiako gotzain kargua hartu duenean

Donostiako Artzai Onaren katedralean izan da elizkizuna eta kargu-hartzea hasi baino ordu eta erdi lehenago eliza beteta zegoen. Besteak beste, Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea eta Odon Elorza Donostiako alkatea han izan dira. 11:30ean homofobiaren kontra diharduten hainbat elkartek elkarretaratzea egin dute katedralaren kanpoan, Munillaren izendapena gaitzesteko.

2010eko urtarrilaren 9a
19:19
Entzun
"Umiltasun osoz lan egitera" etorri dela esanez hartu du Donostiako gotzain kargua Jose Ignacio Munillak (Donostia, 1961), gaur hiriburuko Artzain Onaren katedralean. Elizaren batasunaren alde egin eta Benedikto XVI.a aita santua obedituko duela ere adierazi du. 12:00etan hasi da kargua hartzeko elizkizuna eta 10:30etarako eliza dagoeneko beteta zegoen.

12:30ean Renzo Fratini nuntzioa izan da apezpikutzaren sinboloak, gotzain makila eta mitra, Munillaren esku jarri dituena eta bost minutuko txalo zaparradarekin erantzun dute ikusleek. Ondoren, Donostiako gotzain modura lehen mezari ekin dio Munillak. 14:00etan amaitu da elizkizuna.

Babes zabala izan du gaurkoan Munillak. 40 gotzain eta kardinal inguru joan dira elizkizunera, horien artean Palentziako (Espainia) elizbarruti osoa. 2006tik hango gotzaina izan da.

Gipuzkoako apaizak ere izan dira elizkizunean. Hala ere, apaizen %77ak gutun bat plazaratu zuten izendapen honekin bat ez datozela erakusteko.

Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentea, Odon Elorza Donostiako alkatea eta PPko Maria San Gil eta Carmelo Barrio ere han izan dira.

Juan Mari Uriarte (Fruitz, Bizkaia; 1933) ordezkatu du karguan Munillak. Uriartek hamar urte egin ditu Donostiako gotzain bezala eta adinagatik utzi du postua -gotzainek 75 urterekin hartzen dute erretiroa-.

Homofobiaren aurkako elkarteek elkarretaratzea egin dute, Munillaren izendapenaren aurka

TransMarikaBolloFeminista koordinakundeko 80 kide inguru bildu dira gaur 11:30etatik aurrera Donostiako Artzai Onaren plazan Zuen zerua, gure infernua. Homofobia, lesbofobia, transfobia, ez hemen ez inon. Munilla heterofaxista kanpora! lelopean.

TransMarikaBolloFeminista koordinakundea EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendua, Garaipen, Bilgune Feminista eta Medeak elkarteek osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.