Euskal Herriko gatazka

"Umiltasun politikotik" abiatuta eta "bakea helburu hartuta" egingo du Batasunak gatazka konpontzeko ekarpena

Azaroaren 14an, Donostiako Anoetako Belodromoan, aurkeztuko du Batasunak gatazka konpontzeko ekarpena. Proposamen hori "umiltasun politikoan" oinarrituta, "bakea helburu hartuta eta konfrontazioa sortzeko asmorik gabe" egingo dutela nabarmendu du Batasuneko Mahai Nazionalak. Era berean, ez dela proposamen itxia izango agertu dute, eta "berrikuntza esanguratsuak" izango dituela.

2004ko urriaren 21a
13:35
Entzun
"Aztertzaile politikoek, mediek, eta, oro har, Euskal Herriak nabarituko dute ezker abertzaleak egindako proposamen horrek berritasun esanguratsuak ekarriko dituela, eta ezker abertzalea kokatuko duela posizio politiko batean zeinak erreferentzialtasuna emango dion bakearen bilatzea helburu izango duen prozesu horretan", esan du Batasuneko Mahai Nazionaleko kide Pernando Barrenak ekarpena noiz eta non egingo duten iragartzeko emandako prentsaurrekoan.

Hain justu, Batasuneko buruzagiek jakinarazi dute gatazka konpontzeko ekarpena azaroaren 14an egingo dutela publiko, Donostiako Anoetako Belodromoan izango den ekitaldi batean.

Nolanahi ere, proposamena ahalik eta jende gehienari helaraztea da Batasunaren helburua, eta, ildo horretatik, abendua bitartean 20.000 bat pertsonari zuzenean emango diote egitasmoaren berri. Halaber, beste alderdi politikoetako buruzagiekin harremanak izango dituzte.

Batasuneko Mahai Nazionaleko kideek adierazi dute uste dutela bakegintzan dabiltzan taldeen arreta piztuko duela beren proposamenak. Era berean, "urrats itzuliezina" izango dela adierazi dute, eta ezker abertzale guztiak eman beharko duela urrats hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.