Frantziako Poliziak atzo Baionan atxilotu zuen Unai Hernandez santurtziarra aske utzi du Paueko Auzitegiak, Espainiak haren kontra emandako euroaginduari buruzko erabakia hartu bitartean. Asteartean egingo dute Pauen euroaginduari buruzko auzia.
18/98 auziarekin lotuta ezarri du Espainiako Hernandezen aurkako euroagindua.Baiona Ttipiko Sankara ostatuan kafe bat hartzen ari zelarik atxilotu zuten Hernandez. Karrikako arropaz jantzitako bi polizia ostatura sartu eta nortasun agiria eskatu zioten. Ondoren atxilotu zuten, eta berarekin zegoen pertsona libre utzi.
Pertsona ezaguna da Hernandez, azken urteetan euskalgintzan egin duelako lan, bertzeak bertze ikastola, AEK eta Uda-Leku elkarteak lagunduz. Atxiloketak harridura eta haserrea eragin du euskalgintzako eragileen artean. Berria jakin bezain laster, Baionako Gau Eskolako permanente eta irakasleek atxiloketa gaitzetsi eta Hernandezekiko elkartasuna adierazi dute. «Eskergarria izan da bere lana eta ahal bezain laster gure artean nahi dugu Unai, libre».
Frantziako Poliziak euskal iheslari politikoen aurkako jazarpen jarraikiari ekin diola salatzen du Askatasunak. Gogora ekartzen du asteartean Garikoitz eta Eneko Pascual atxilotu zituztela Baionako Oihana ikastolaren ondoan. Haien bien kontrako euroagindua ere asteartean aztertuko dute Pauen, baina ebatzi bitartean espetxean dauzkate.
Atxiloketa
Unai Hernandez aske utzi dute euroaginduari buruzko erabakiaren zain
Atzo atxilotu zuten Baionan, 18/98 auziarekin lotuta. Paueko Auzitegiak asteartean aztertuko du haren kontrako euroagindua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu