Espainiako Poliziak Unai Hernandez Sistiaga atxilotu du gaur Santurtzin, Auzitegi Nazionalak jarri eta Gorenak berretsitako zazpi urteko kartzela zigorra betetzeko. Zazpi urteko espetxea ezarri zioten, Ekin erakundeko kidea izatea egotzita. Hain justu, Auzitegi Nazionalak iazko urtarrilean ipini zion zigorra eta Gorenak abenduan berretsi zuen.
Epaiak zioen ETAk sortutako erakundea zela Ekin, beste taldeetan agindu eta irizpide politikoak helarazteko. Hernandez Ekineko hezkuntza arloko aditua zen, epaileen arabera, eta aipatutako erakundeak hilero 55.000 pezeta ordaintzen zizkion. Santurtziko Udaleko langilea zen.
2000ko maiatzean eta uztailean LABen Bilboko egoitzan eta Billabonako udaletxean Ekinen bi bilera organikotan parte hartu zuen, iturri beraiek diotenez.
Ezker abertzaleak gaurko atxiloketa salatu du. "Euskal Herrian ireki den agertoki berriak borondate eta jarrera eraikitzaileak behar ditu, baita salbuespen egoera gainditzea ere. Horretarako ezinbestekoa da errepresio eta jazarpen judizial eta polizial oro behin betiko etetea".