Euskal presoak

Unai Paroti ukatu egin diote zigorra Frantzian betetzea

Estrasburgoko Auzitegiak atzera bota du babes helegitea. Espainiako Auzitegi Nazionalak baiezkoa eman zien hori eskatu zuten bi presori.

Unai Paroten argazkia, bigarrena ezkerretik. BOB EDME
2018ko maiatzaren 31
07:19
Entzun

Unai Parotek ezingo du Frantziako Estatuko espetxe batean bete geratzen zaion espetxe zigorra. Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota zion eskaera, eta Europako Giza Eskubideen Auzitegiak beste hainbeste egin berri du —apirilaren 24koa da ebazpena—.

Parot Puerto IIIko espetxean dago (Cadiz, Espainia), Euskal Herritik 1.050 kilometrora, eta erregimenik gogorrenean, lehen graduan. Ipar Euskal Herrian bizi da haren familia, eta hori dela-eta eskatu zuen Frantziako Estatuko espetxe batera lekualdatzea. 28 urte darama preso.

2016ko abenduan, aukera hori ukatu zion Espainiako Auzitegi Nazionalak Paroti, baina auto berean, baizkoa eman zien Aratz Gomez eta Arkaitz Saez euskal presoei, Europako zuzentarau batean oinarrituta. Horren arabera, presoek bere zigorra bete dezakete Europako Batasuneko edozein estatutan. Gomez eta Saez Frantziako Estatura lekualdatu eta gutxira, iazko uztailean, Mont-de-Marsango espetxera (Landak, Okzitania) gerturatu zituzten, Euskal Herritik 234 kilometrora.

Paroten kasuan Madrilgo auzitegiak argudiatu zuen “odolezko delitu larrietan” oinarritutako zigorrak betetzen ari dela Espainian. Parotek Estrasburgora jo zuen, baina horrek dio bere kasuan Espainiako auzitegiak ez duela hark salatutako oinarrizko eskubiderik urratu. Epaimahaiak ez du azalpen gehiago eman, eta Paroten defentsak ezingo du helegiterik jarri.

Bagoaz-ek ekainaren 16an manifestazioa egingo du Baionan, duela 28 urte kartzelan diren Ipar Euskal Herriko presoak aske utzi ditzatela eskatzeko. Frantziako Estatuko espetxetan daude Ion Parot, Frederic Haranburu Txistor eta Jakes Esnal eta Espainiako kartzela batean Unai Parot.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.