Politikari espainiar trebatuenetakoa da Alfredo Perez Rubalcaba (1951, Solares, Espainia). Erretorika handia eta negoziatzaile doainak aitortzen dizkiote aurkariek. Ez du alferrikakoa nobela beltzak irakurtzeko duen zaletasuna eta musean aritzeko duen afizioa. Kirolaria ere izandakoa da. Eta horrek ere erakusten du egin duen ibilbide politikoaren beste ezaugarrietako bat. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean ikasten zuen garaian, atletismoan aritzen zen. 100 metro egiteko, 10,9 segundo aski zituen. Politikan, ordea, ibilbide luzeko karrera ari da egiten, eta urratsez urrats egin du gora, nahiz eta egun 61 urte izan.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan Mariano Raxoiren aurkako lehia galdu ondoren, Rubalcabaren gainbehera iragartzen zutenak isilik utzi ditu, beste behin. Zientzialari baten antzera, ongi neurtu ditu alderdi barruko indarrak. Unerik delikatuenetan politikan aurrera egiteko formula egokia aurkitu izan balu bezala. Hala gertatu zen Felipe Gonzalezen agintaldiaren azken urteetan, Jose Luis Rodriguez Zapaterorenean eta azken hauteskundeetan —hark hartu zuen alderdiaren lema, eta PSOEk inoiz lortu dituen emaitzarik txarrenak lortuta ere idazkari nagusi izateko aurkeztu zen—.
Pilar Goia gasteiztarrarekin ezkonduta dago, eta ez du seme-alabarik. Emazteak bezala, kimika ikasketak egin zituen Rubalcabak, baina ez da inoiz lanbide horretan aritu. Ikasketa horiek, baina, bere jardunean oso baliagarriak izan zaizkiola aitortu izan du.
1974an sartu zen PSOEn. Azaldu izan duenez, haren lagun Enrique Ruanoren heriotzak eraman zuen politikara—Francoren Poliziak atxilotu eta hil zuen Ruano—. Alderdia 1982an iritsi zen lehenbiziko aldiz gobernura, eta Rubalcabak unibertsitatearekin eta hezkuntzarekin lotutako postuak bete zituen hasieran. Teknikari aurrena, eta idazkari nagusi gero. Pixkanaka-pixkanaka Felipe Gonzalez gobernuburuaren konfiantza irabazten joan zen; Hezkuntza ministro izendatu zuen lehenengo, eta Presidentetza ministroa eta gobernuaren bozeramailea izan zen agintaldiaren azkenengo urteetan. PSOEren gobernua krisi larri bat igarotzen ari zen garai hartan.Bozeramaile gisa, GALen eta funts erreserbatuen eskandaluei aurre egin behar izan zien. Baita alderdi barruko ustelkeria kasuei ere. Zer edo zer ikusi omen zuen Gonzalezek Rubalcabarengan ardura handiko kargu horiek emateko. 1993an, Presidentetza ministro izendatu zuen, eta kargu horretan izan zen 1996an Jose Maria Aznarrek (PP) hauteskundeak irabazi zituen arte.
Rubalcabaren biografian beti nabarmendu izan da alderdi sozialistaren une zailenetan agertu ohi dela. Eta Zapaterok ere gogoan izan zuen hori, Kataluniako Estatutuaren aferak eta euskal gatazkak gaina hartu ziotenean.
Espainiako Gobernuan bete dituen kargu guztien artean, Barne ministroarenak egin du ezagun Rubalcaba. ETAk su-etena eman eta bi astera eskaini zion ardura hori Jose Luis Rodriguez Zapaterok. Hain zuzen, ETAren aurkako borroka «obsesio» izan duela aitortzen du Rubalcabak, eta harro dago egindako lanaz. «ETAren amaieraren hasiera» bata bestearen atzetik egindako atxiloketen estrategiak ekarri duela nabarmendu izan du —ETAko ustezko 530 kide eta ustez kale borrokan aritutako 200 pertsona atxilotu dituzte haren agintaldian—.
Barne Ministerioan egindako lanari esker, Hego Euskal Herriko sozialisten babesa irabazi du. Guretako bat da leloa erabili dute bertako sozialistek Euskal Herrira etorri den azken bisitetan.
Zapateroren azken agintaldian protagonistetako bat izan bada ere, Rubalcabak ez zuen izan hasiera erraza. PSOEren 35. batzordean, Zapateroren alderdiko idazkari nagusi hautatu zutenean, Rubalcabak Jose Bonoren alde egin zuen. Erabaki hori, baina, berehala zuzendu zuen. 2004ko hauteskunde orokorretan zeregin garrantzitsua izan zuen Rubalcabak:M-11ko atentatuei buruzko eztabaidan esaldi batek ospetsu egin zuen: «Espainiarrek gezurrik esaten ez duen gobernu bat merezi dute». •
Soslaia. Alfredo Perez Rubalcaba
Unerik zailenetan agertzen da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu