Atzo, Bakearen Nazioarteko Egunean, ohorezko bazkideen aholku batzordearen IV. topaketa antolatu zuen Euskal Herriko Unesco Etxeak. Horretan, Humanismo berri baterantz adierazpen instituzionala egin zuen publiko. Federico Mayor Zaragoza Bakearen Kultura Fundazioko presidenteak, Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakari ohiak eta Daniel Innerarity filosofoak sinatu dute agiria, besteak beste. Adierazpenean Unesco Etxeak aldarrikatzen du bizikidetza lortzea duela helburu: «Bizikidetzak ez du esan nahi ahaztura, biktimen beharrezko barkamena edo adiskidetzea, baizik eta guztien artean elkarbizitzaren eta adiskidetasunaren gutxienekoak errespetatzea gizarteak aurrera egin dezan».
Adierazpenean, Unesco Etxekoohorezko bazkideen aholku batzordeko kideek azaltzen dute «urte garrantzitsua» dela bakeari begira, baina horretarako «ezinbestekotzat» jotzen dute ETA desagertzea.
Parte hartze politikoa
Era berean, uste dute beharrezkoa dela urratsak egitea pertsona guztientzako eskubideen errespetuaren alde; biktimen eta memoria historikoaren beharrei erantzutea; erakunde demokratikoen funtzionamendua sendotzea eta erakundeetan «elkarbizitzaren eta aniztasunaren gutxienekoak zein giza eskubideak errespetatzen dituen talde politiko orok parte hartzea». «Gure herrialdearekiko nazioarteko erakundeek hartzen dituzten ebazpen guztiak errespetatu behar ditugu, gure ikuspuntu politikoari arrazoia ematen badiete zein ez», gaineratzen dute.
Unesco Etxeak bereziki arreta jartzen du bakearen kulturan,«non pertsona ororen gogoan deneta ekimen sozial eta politiko orotan eragina duen». Ildo horretan lan egiteko konpromisoa azaltzen du.
Bakeaz gain, krisiaz, krisi ondorengo gobernu ereduaz, ongizate estatuaz eta humanismoaz jarduten du adierazpenak. Euskarazko bertsioa gaur jarriko dute bere webgunean.
Unesco Etxeak «elkarbizitzaren gutxienekoak» errespetatzeko eskatu du
ETA desagertzeaz gain, giza eskubideen alde diren talde politiko ororen parte hartzea aldarrikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu