Unibertsitate Legea

Unibertsitate Legearen diktamena onartu du Eusko Legebiltzarrak SAren abstentzioari esker

Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioak abstenitu egin dira gaur Unibertsitate Legearen diktamena aurrera atera ala ez egindako bozketan. Gasteizko Hirukoak aurkeztu du lege proposamena, eta PPk eta PSE-EEk haren aurka bozkatu dute. Diktamenak Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektua du oinarri bezala, eta PP, PSE-EE eta SAren zuzenketak ere jasotzen ditu. Lege proposamena hil hon 25ean eramango dute plenora.

2004ko otsailaren 16a
19:32
Entzun
Unibertsitate Legearen lege proposamenak hainbat ika-mika sorrarazi ditu Gasteizko Hirukoan, SAren zenbait zuzenketa jasotzen zituelako eta PPk eta PSE-EEk SAren bat egitea egozten ziotelako Hirukoari.

Lege proposamena hil hon 25ean eramango dute plenora, eta oinarri bezala Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako lege proiektua du. PP, PSE-EE eta SAren zuzenketak ere jasotzen ditu lege proposamenak. PP eta PSE-EEk legez besteko proposamena eztabaidatzeko tramiteak kritikatu dituzte, eta ponentzia bat sortzeko eskatu dute zuzenketa guztiak eztabaidatuak izan zitezen.

Martin Aranburu (EA) Hezkuntza batzordeko lehendakaria ponentzia hori sortzearen aurka azaldu da, lege proposamena "bitartekaritza lan handi baten emaitza" dela esanez. Halaber, oposizioko alderdien zuzenketak ez zituztela eztabaidatuko erantzun die PP eta PSE-EEri, eta horiek beren zuzenketak atzera botatzea erabaki dute.

Iritzi kontrajarriak

Iñaki Ortega PPko legebiltzarkideak esan du lege proposamen hori Gasteizko Hirukoaren eta SAren arteko "akordio" baten ondorio dela, eta Espainiako Gobernuak lege horri helegitea jartzeko aukera duela gogorarazi du –baldin eta plenoan onartzen bada–, "Unibertsitateen Lege Organikoa ez duelako errespetatzen".

PSE-EEko Isabel Celaak salatu du "Hirukoak Batasunak babesa emateko gutxienezko dosia adostu duela, ez baitzaie ondo etortzen Batasunaren aldeko botoa, baina bai Batasunaren abstentzioa". EAJ, EA eta EB-IUri "gezur eta oldartze parlamentario baten" erantzule izatea leporatu die.

Hitz horien entzunda, Aranburuk esan du ez duela "inolako arazorik" esateko ponentzia garaian SArekin hitz egin zutela, "baina baita PP eta PSE-EErekin ere". EAJko Xabier Ormaetxeak ez du argitu SArekin hitz egin duten ala ez, "baina berdin dio, PP eta PSE-EEk beti esaten baitute Batasunarekin akordioa dagoela".

Jone Goirizelaia Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioak, berriz, onartutako proposamenean "gurekin hitz egindako eta negoziatutako atal asko" daudela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.