Espainiako Unibertsitate Ministerioak gehieneko tasa bat ezarriko die Hego Euskal Herriko unibertsitateei datozen urteetan. Matrikulek 2011-12 ikasturtean zuten prezioa izango dute, eta administrazioek 2022-2023 ikasturtera arteko epea izango dute jaitsiera ezartzeko. Eusko Jaurlaritzak ez du bat egin Manuel Castells Unibertsitate ministroaren proposamenarekin.
Zenbait hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, Eusko Jaurlaritzak adierazi du tasak jaistea euskal administrazioaren eskumena dela, unibertsitateek finantzaketa arazoak izango dituztela, eta duela hilabete onartu zituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako neurriak, «hezkuntza komunitatearekin adostu ondoren».
Hala, ministerioaren proposamena onartu egin dute autonomia erkidegoekin egindako bilera batean, baina ez aho batez —Eusko Jaurlaritzaz gain, PPren eta Ciudadanosen esku dauden autonomia erkidegoetako gobernuak daude aurka—; dena dela, ez dute bozkatuko, eta guztiek bete beharko dute. Castells ministroak duela aste batzuk proposatu zuen unibertsitate tasak jaistea. Erreferentziazko kopuru bat ezarri dute: 18,46 euro kreditu bakoitzeko. Prezioa kopuru hori baino %15 handiagoa edo %15 txikiagoa duten erkidegoei agindu diete 2011-2012 ikasturteko zenbakietara itzultzeko. Egun, Nafarroan kredituak hori baino gehiago balio du; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ez.
Castellsek bertan behera utzi du 2012tik prezioak finkatzen zituen «urkila sistema»; Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidente izendatu zutenez geroztik, autonomia erkidego gehienek igo zituzten unibertsitate tasak.
Espainiako Unibertsitate Ministerioak adierazi du «funtsezkoa» dela unibertsitate publikoen finantzaketa handitzea, eta hori ezin dela egon «baliabide gutxien dituzten familien eta ikasleen bizkar».