HEZKUNTZA

Unibertsitatean D ereduan ikasi dutenek ez dute EGArik beharko lan publikotan 2012tik aurrera, proiektu berria onartzen bada

Ez da titulurik emango, baina, lan publikoak eskaintzerakoan, edukita bezala puntuatuko dute. Batxilergoa eginez gero, maila baxuagoan baina puntuatuko da. 2012rako martxan jartzea nahiko lukete, baina, gauza zehaztu gabe dago oraindik.

2010eko abenduaren 20a
17:13
Entzun
Lanpostu publikoa lortzerako orduan, D ereduan ikasten duten ikasleek ez dute EGAko azterketatik pasa beharrik izango, Isabel Zelaa Hezkuntza sailburuak eta Blanca Urgell Kultura sailburuak aurkeztu duten proposamena onartzen baldin bada. Oraindik ez dago ezer gauzatuta, baina 2011ko azken hilabetetarako zehaztea nahi dutela adierazi dute, 2012-2013 ikasturtean martxan jartzeko helburuarekin.

Unibertsitateko ikasketak euskaraz edo D ereduan burutzen dituenak C1 gradua lortuko luke, eta EGA daukatenak bezala izango litzateke puntuatua, lanpostu publikoa lortzeko. Batxilergoa euskaraz gainditzea ere kontuan hartuko litzateke, baina maila baxuagoan. Kasu horretan B2 gradua izango litzateke. DBHko ikasketak bukatzen dituztenek, berriz, B1 izeneko bat lortuko lukete, oraindik eta maila baxuagokoa.

Hori guztia lortzeko adostasun asko behar direla adierazi du Zelaak. Unibertsitateetako errektoreekin hitz egin beharra dago, ziurtagiriagatik ematen dituzten kredituak nola kudeatuko litezkeen zehazteko, besteak beste. EHU ados agertu dela adierazi du Zelaa sailburuak. Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin ere adostu behar dute, lanpostu publikoak eskaintzerakoan tituluari emango zaion garrantzia zehazteko.

Galizia eta Katalunian aspalditik dago horrelako sistema ezarrita, baina, kasu horietan, batxilergoa amaitzen duten ikasleei ematen zaie C1 gradua. Horren aurrean Zelaak esan du, Galizia eta Katalunian 18 urterekin lortzen dela maila hori, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, berriz, 23 urterekin lortuko litzateke. Horrek, hezkuntza sisteman arazoren bat badagoela adierazten du bere ustez. Legebiltzarkide asko bat agertu dira proiektuarekin sailburuaren esanetan, baina, askok helburuak zehaztu gabe daudela kritikatu dutela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.