Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak adierazpen bateratu baten bidez azaldu dute ikasturtea amaitzeko «urrutiko prestakuntza» bultzatzea adostu dutela; hau da, Internet bidezkoprestakuntza, «baina unean uneko jarduera presentziala baztertu gabe». NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak apirilaren 3an hartu zuen erabaki hori, Espainiako Unibertsitate ministro Manuel Castellsek hala gomendatu ostean. Nafarroako Unibertsiteateak ere aurreko astean adierazi zuen.
Hezkuntza Saila, Euskal Unibertsitate Sistema osatzen duten hiru unibertsitateak eta Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia bildu ostean hartu dute erabakia. Komunikatuan adierazi dutenez, «epe labur eta ertainean etorkizuneko agertokiei» erantzuna emateko akordio bat da onartutakoa.
Erakundeek azaldu dute hainbat lehentasun ezarri dituztela erabakiak hartzeko garaian. Horien artean, «unibertsitate komunitatearen osasuna eta segurtasuna» lehenestea azpimarratu dute. Horregatik, 2019-2020 ikasturtea urrutiko prestakuntzaren bidez osatuko da, «lehentasuna emanez ikaskuntzaren emaitzak lortzeari eta titulazioetan formulatutako gaitasunak eskuratzeari». Halere, jarduera presentzial batzuk berrezartzeko aukera aipatu dute, «unibertsitate jarduera presentzialera pixkanaka itzultzeko plangintzaren testuinguruan». Modu ez presentzialean egitea «ezinezkoa» den kasu jakin batzuetarako izango litzateke.
Gauzak horrela, aurrez ezarritako egutegi akademikoa mantenduko dute, praktiken, gradu eta master amaierako lanen eta doktore tesien aurkezpenen kasuan izan ezik. Izan ere, ez dago garbi zer gertatuko den aurrez aurreko jarduera esperimentalekin eta kanpoko praktikekin. Azaldu dutenez, unibertsitateek hainbat aukera baloratuko dituzte: ikasgai horiek birprogramatzea «aurrez aurreko jarduerari mugak kentzen zaizkionean», praktikak prestakuntza metodologia alternatiboekin osatzea eta ezohiko jarduera profesionalak aitortzea.
Baldintza teknologiko edo sozioekonomikoengatik urrutiko prestakuntza jasotzeko zailtasunak dituzten ikasleei dagokionez, «zailtasun gehigarri posibleak arintzea» ezarri dute lehentasun gisa.
Erakundeek azpimarratu dute Euskal Unibertsitate Sistemaren ebaluazio ereduak «erreferentziazkoa» izan behar lukeela aurrerantzean ere, «irakaskuntza eredu presentzialetik, egoeraren arabera, urrutiko prestakuntzarantz eboluzionatu baitu». Bide horretan, azaldu dute neurriak hartzen segituko dutela titulazioen egokitzapenaren, irakasgaien, praktiken eta horien ebaluazioaren inguruan, «kalitatea bermatzeko» asmoz.