Ikasturte berria hastear dela, unibertsitateak ere irailetik aurrera izango duten jardunaren berri ematen ari dira. Gaur goizean bilera egin dute Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta bukatu ostean egindako agerraldian zehaztu dute zein izango den 2021-2022ko ikasturteko helburua: hiru unibertsitateetan %100eko presentzialtasuna berreskuratzea.
Ordea, oraingoz eskolak aurrez aurre eta online emanez hasiko dute ikasturtea. Ferreirak azaldu duenez, iaz bezala, gutxienez %75eko presentzialtasuna bermatuko dute, eta, datuek baimentzen badute, gero eta eskola gehiago emango dituzte aurrez aurre. Nabarmendu du xedea bigarren seihilekoan ikasleek eskola guztiak ikasgelan bertan jasotzea izango dela. Deustuko unibertsitateak, berriz, eskolak bi eratara emateko egokitu ditu; hau da, prestatuta daude eskolak «egokitutako presentzialtasunarekin» eta erabat presentzialki emateko, Guiberten hitzetan. Hasi, iazko ereduarekin hasiko dira, baina «ahal denean» eskola guztiak aurrez aurre ematen hasiko dira. Atxak ere zehaztu du Mondragon Unibertsitatearen presentzialtasun maila zenbatekoa izango den: graduen eta masterren %80an erabateko presentzialtasunarekin hasiko dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek mezu argi bat zabalduz ekin dio agerraldiari: «Iazko ikasturtea arrakastatsua izan zen». Gainera, nabarmendu du unibertsitateen eta Hezkuntza Sailaren arteko koordinazioa eta elkarlana «etengabea» izan dela. Orain, irailera begira jarrita daude, eta hiru unibertsitateekin adostuta dituzten lehentasunen berri eman du: osasun krisiari eta pertsonei arreta ematea, aurrez aurreko formakuntza eredua lehenestea eta digitalizazio prozesuak «sendotzea»; eskaintza akademikoaren «kalitatea eta bikaintasuna» bermatzea; «nazioarteko elkarlan presentziala» indartzea; eta unibertsitateen eta enpresen arteko elkarlana hedatzea.
Hamabost egun barru hasiko dena «normaltasuna berreskuratzeko ikasturtea» izatea espero du Bildarratzek. Horretarako gakoak segurtasun neurriak betetzea eta txertoa izango direlakoan dago. Eman dituen datuen arabera, irailaren erdi aldean ikasturtea hasterako 16-19 urteko eta 20-29 urteko gazteen %80 gutxienez txertoaren dosi bat hartuta edo gaixotasuna pasatuta egongo dira. Hilaren bukaerarako zenbaki hori %90ekoa izango delakoan dago. Halere, zuhurtzia ere eskatu du Bildarratzek.
NUPen, dena aurrez aurre
EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak helburu dutena errealitatea izango da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan: 2021-2022ko ikasturtea eskola guztiak aurrez aurre emanez hasiko dute. Horrenbestez, ez dituzte erabili beharko joan den ikasturterako prestatu zituzten 46 «ispilu gelak». Ikasgela osoa beteta zegoenean, ikasleek ikasgela horietatik jaso zitzaketen eskolak, kamerak, mikrofonoak eta entzungailuak baitzituzten bertan.