Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

UPD ez da aurkeztuko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara

Gorka Maneirok, bi legealditan alderdiko legebiltzarkide bakarra izan denak, ez du ikusten alderdia "kanpainari aurre egiteko behar bezala prestatuta".

Maneiro, Legebiltzarrean. ARGAZKI PRESS
2016ko abuztuaren 23a
12:14
Entzun

Hasierako asmoa irailaren 25eko hauteskundeetara aurkeztea bazen ere, atzo eman zuten erabakiaren berri Gorka Maneiro, Carmen Serrano eta Asun Puente alderdikideek, Donostian egindako agerraldian. Erabaki aldaketaren arrazoiez galdetuta, Maneirok adierazi du alderdiko zuzendaritzak ikusi duela egun ez daudela prest "kanpainari aurre egiteko". Horrez gain, urtearen bukaeran kongresu bat egingo dutela esateko ere aprobetxatu dute agerraldia. Bertatik formazioa "berrituta, indartuta eta berrarmatuta" aterako dela espero du, hurrengo hauteskundeetara indartsu iristeko eta "korrupzioari, murrizketa sozialei, populistei, birsortzaile faltsuei eta Espainia hautsi nahi duten independentistei aurre egiteko".

Maneiroren arabera, "erabaki hau ez da atzerapauso bat". "Garaira egokitu" behar dela azaldu du, eta "gizarte hobe baten alde borroka egiten" jarraituko dutela.

Orain arteko ibilbideaz harro

Parlamentari bezala legebiltzarrean egindako lanarekin "oso harro" azaldu da Maneiro. Adibidetzat jarri ditu Hauteskunde Legea aldatzeko proposamena, "euskal instituzioen egiturari egindako kritika" eta Kontzertu Ekonomikoari egindakoa. Horrekin batera, "berdintasunaren aldeko jarrera" eta "diputazioak ezabatzearen alde" egindako lana nabarmendu ditu.

2009ko hauteskundeen ondoren sartu zen UPD Eusko Legebiltzarrean. 22.000 bototik gora eskuratuta, legebiltzarkide bat lortu zuten. 2012koetan antzeko emaitzak izan zituzten, eta legebiltzarkide bakarrari eustea lortu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.