Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko inbestidura saioan Patxi Lopez sozialistak, PSE-EEren beraren eta PPren botoez gain, UPDrena ere jasoko du, gaur Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak jakinarazi duenez. Lopezek, beraz, 39 boto jasoko ditu eta bera izango da lehendakari berria -orain arte beti EAJko izan da Jaurlaritzako buru-.
UPDk "etikagatik eta demokraziaren defentsagatik" emango dio babesa, Maneirok esan duenez. "PSEren gobernu programa ezagutu gabe" emango dio botoa, "30 urtean Jaurlaritza abertzalea izan eta gero aldaketa gertatuko delako".
ETAk Aberri Eguneko agirian zioen "lehentasun" gisa hartuko duela Jaurlaritza berria, eta UPDren ustez hori "demokrazian ezohikoa" da.
Eusko Legebiltzarreko Mahaiak atzo egindako bileran ez zuen lehendakaria izendatzeko inbestidura saiorako datarik zehaztu. Hala ere, bi-hiru astera izango dela aurreikusita dago.
EAJk (30), PSE-EEk (25), PPk (13), Aralarrek (4), EAk (1), EBk (1) eta UPDk (1) dituzte ordezkariak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako parlamentuan. Lehen aldiz ezker abertzaleak ez du ordezkaritzarik izango Eusko Legebiltzarrean, hauteskundeetan baliogabe utzi baitzituen Espainiako Justiziak D3M herri plataforma eta Askatasuna alderdi politikoa. D3Mk, hala ere, botoak eskatu zituen, eta 100.000 jaso zituen.
Politika
UPDk ere Patxi Lopez babestuko du inbestidura saioan
Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko saioan hautagai sozialistari "etikagatik eta demokraziaren defentsagatik" emango dio botoa, "PSEren gobernu programa ezagutu gabe". Ondorioz, 39 boto jasoko ditu Lopezek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu