EAJk Espainiako 2010eko aurrekontu orokorrak babestu egingo ditu baina ez, oraingoz behintzat, Euskal Herriko beste bi indar politikok: UPNk eta Nafarroa Baik. Izan ere, bien ustez, "Nafarroarako nahikoa inbertsiorik ez dago". UPNk parlamentari bat du Espainiako Kongresuan, baita NaBai koalizioak ere (EA, Aralar, Batzarre, EAJ).
"Injustizia egingo dute Nafarroarekin", adierazi du gaur Carlos Salvador UPNko parlamentariak, eta Gobernuak herrialderako agindutako diru poltsa batzuk "atzeratzen" ari dela ere salatu du -abiadura handiko trenari buruzkoa, kasu-. Exekutiboaren irizpide falta ere nabarmendu du: "Elena Salgadok [Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak] lehendabizi gastatu egiten du eta gero galdetu, eta gastatutakoa nola finantzatu ibiltzen da".
Nahiz eta UPN Madrilen Gobernuaren (PSOE) kontuen alde ez den agertu, Nafarroan PSNrekin "egonkortasuna" lortu nahi dutela esan du Salvadorrek
Uxue Barkos NaBaiko legebiltzarkidearen iritziz ere aurrekontuetan Nafarroarako jarritako dirua "ez da nahikoa, ez da benetako inbertsioa".
Salgadok biei "hitz eman" die Nafarroak "inbertsioak" izango dituela 2010ean.
Espainiako aurrekontuak onartzeko bideak aurrera segitzen du Madrilen, eta Gobernuak badu babesa horiek aurrera ateratzeko, EAJk eta CCk esana dutelako balekoa emango dietela. Hiruren artean 177 diputatu dituzte, gehiengo osoa (PSOEk 169, EAJk sei eta CCk bi). Hain zuzen, hirurek gaur bertan atzera bota dute PP, CiU, ERC, IU-ICV, BNG eta UPD taldeek aurkeztutako osoko emendakina -NaBaik ere horren alde egin du, UPN abstenitu egin da-.
Hiru ziren EAJk jarritako baldintzak: EAEko Kontzertu Ekonomikoa blindatzea, Espainiako Ogasunak BEZari dagokion 450 milioi euro baino gehiago ordaintzea Arabako Foru Aldundiari eta enplegu politika aktiboen transferentzia Eusko Jaurlaritzara eskualdatzea "gardentasunez" azaltzea Gobernuak.
politika
UPN eta NaBai Espainiako aurrekontuen aurka daude, "Nafarroarako nahikoa inbertsiorik ez dagoelako"
PSOEk "injustizia egingo du Nafarroarekin", Carlos Salvador UPNko parlamentariaren arabera, baina bide batez, eurek PSNrekin egonkortasuna lortu nahi dutela dio. PSOEk, EAJk eta CCk gaur atzera bota dute oposizioko sei talderen osoko emendakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu