Memoria historikoa

UPN eta PPN abstenitu egin dira 1936ko altxamendua eta frankismoa gaitzesteko eskatzeko mozioan

Gobernuari luzatu diote eskaera, eta PSNk, gobernuko kide izanik, bat egin du oposizioarekin.

2011ko irailaren 22a
16:17
Entzun

Nafarroako Parlamentuak NaBaik aurkeztutako mozio baten bidez 1936ko altxamendua eta Francoren diktadura gaitzestera deitu du Nafarroako Gobernua. PSN, NaBai, Bildu eta Ezkerra alderdiek alte bozkatu dute eta UPN eta PPN abstenitu egin dira. Eloy Villanueva PPNkoak esan du biktimen senideek eskatzen dutena zilegi iruditzen bazaio ere, harritu egiten duela 2011. urtean hortaz hitz egitetea, eta "porrot kolektiboa delakoan", bere horretan uztearen alde agertu da. Sergio Sayas UPNkoak esan du herritarrak krisiarekin daudela kezkatuta, "eta ez orain dela 75 urte gertatu ziren gauzekin". Biktimen duintasuna aitortu du, baina Parlamentuaren funtzioa etorkizunari begiratzea dela esan du, ez iraganera.

Bigarren puntu batean mozioak eskatu du epaitegi bereziek gerra garaian eta diktadura eman zituzten epaiak bertan behera uzteko. Hirugarren atalean 1936ko gerran Nafarroan fusilatu eta zapaldu zituztenen memoria onera ekartzeko Parlamentuak 2003ko martxoaren 20an onartu zuen erresoluzioaren 1., 2. eta 4. puntuak berretsi ditu. Hirugarren puntu horretan zuzenketa bat aurkeztu du PSNk eta NaBaik onartu egin du. "Justiziazkoa da urteetan zigor bat entzun ez dutenek entzutea", esan du, eta gaineratu du ez direla horiek iraganeko kontuak, horien ondorioak bizi izan zituztenak bizi direlako.

Ramon Felones sozialistak esan du arlo horretan edozein ekimen ongi hartzeko prest daudela, "hildakoak duintasunez lurperatzeko". Victor Rubio bildukoak esan du, gaur onartutakoa kontsentsuan egindako proposamena dela, eta hil zituztenen "ideia zintzoak" babestu ditu. Yolanda Barcina presidenteari iruñeko alkate izan zen garaian memoria historikoaren arloan ez zuela ezer askorik egin aurpegiratu dio. Txema Mauleon Ezkerrakoak gogorarazi du oraindik ere senitartekoak aurkitu ezin dagoen jendea dagoela, eta hobi komun maparik ez dagoela salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.