EUSKARA

UPN eta PSNrekin bat egin dute Ahal Dugu eta Ezkerrak, Hezkuntzako lan eskaintza publikoaren kontra

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak aurkeztutako lan eskaintza publikoa arbuiatu du legebiltzarreko Mahai eta Bozeramaileen Batzordeak. Lanpostu gehienetan euskara eskakizun izatearen kontra azaldu dira UPN eta PSN, baina baita Ezkerra eta Ahal Dugu ere.

Jose Luis Mendoza kontseilaria, Parlamentuan, aurreko agerraldi batean. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2015eko azaroaren 9a
07:30
Entzun

Jose Luis Mendoza Hezkuntza kontseilariak ostiralean aurkeztu zuen 2016 eta 2017. urteetako lan eskaintza publikorako proposamena. Horren arabera, euskaraz jakitea exijituko zaie irakasle berrien %70i, D ereduaren eskaintza bermatu ahal izateko. Nafarroako Parlamentuko Mahaia eta Bozeramaileen Batzordea, baina, egitasmoaren aurka azaldu da gaur, gobernu itun programatikoa sinatu zuten alderdietako bi (Ezkerra eta Podemos-Ahal Dugu) UPN, PP eta PSNrekin lerratu ostean.

Hala, UPNk eta PSNk aurkeztutako adierazpen instituzionalak aurrera atera dira, ezkerreko bi alderdien botoei esker. Adierazpen horietan, proposamena erretiratzeko eskatu diote Mendoza kontseilariari.

Ezkerrako Jose Miguel Nuinek esan du bere koalizioa «oso haserre» dagoela Hezkuntza Departamentuarekin, eta euskara nahiz gaztelaniazko lanpostu eskakizunen ratioa «oso desorekatua» dagoela.

Barkos: «Irizpide teknikoak jarraitu ditugu»

Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek babestu egin du lan eskaintza publikorako proposamena, eta egitasmoa «irizpide teknikoei erreparatuta» ondu dutela nabarmendu du, Euskalerria Irratiak gaur goizean egin dion elkarrizketan. «Hauteskundeen bezperan gaude, eta zenbait indarrek interes elektoralistarekin erabili nahi dute hezkuntzaren auzia».

Lan eskaintza publikoa «aurreko gobernuko teknikariek ondutako txostenetan» oinarritua dagoela esan du Barkosek. «Aurreko gobernuko teknikariek egungo errealitateaz ohartarazi zuten; hau da, gaztelaniazko irakasle elebakar gehiegi daudela», gaineratu du. PAI programa ezarri zenetik, behar baino gehiago dira gaztelania soilik dakiten irakasleak, eta Madrilen lege bati jarraiki, Nafarroako Gobernuak debekatua baitu ofiziala ez den hizkuntza batean lan deialdi publikorik egin. 2016an, 320 irakasle lanpostu eskaini nahi ditu Hezkuntza Departamentuak, eta horietatik, euskara eskakizun izanen da 228tan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.