Ekonomia

UPN, PSN eta CDNk ontzat eman dituzte Nafarroako aurrekontuak

Foru Gobernuak 4.301 milioi euro izanen ditu eskura heldu den urterako.

2008ko abenduaren 23a
15:45
Entzun
UPN, PSN eta CDNk ontzat eman dituzte gaur Nafarroako Parlamentuan 2009rako aurrekontu orokorrak. Hala, Foru Gobernuak 4.301 milioi euro izanen ditu eskura heldu den urterako.



Hala Nafarroa Bai nola IUN Ezker Batua, kontra azaldu dira, politika ekonomikoan "orain arteko bidetik" segituko dela argudiatuta.

Parlamentuko osoko bilkura atzo goizean hasi zen 2009rako aurrekontuen gaineko eztabaidatzen. Tramitearen hasieran aurkeztutako 1.086 emendakinetatik 529 mantendu zituzten. Gaur goizean, eztabaidatzeko geratzen ziren Gobernuaren hiru departamenduak izan dituzte ardatz: Gizarte Auziak, Familia, Gazteria eta Kirola; Kultura eta Turismoa; eta Instituzioarteko Harremanak eta Gobernuko Bozeramailea.

Gobernuko bigarren presidenteorde eta Ekonomia eta Ogasun sailburu Alvaro Mirandak gau goizean adierazi du "aurrekontu onak" lortu dituztela, eta kontuek jasotako "oso babes zabala" nabarmendu du.Bere iritzian, horrek esan nahi du Nafarroa Garaian "krisi uneetarako oso lasaitasun politiko garrantzitsua" dagoela.

Abiadura Handiko Trena eta autobideak

Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi guziek, NaBaik izan ezik, AHT Abiadura Handiko Trenaren inguruko eskakizuna egin diote Espainiako Gobernuari. Hain zuzen ere, Nafarroarekiko hitzarmena errealitate bihurtzea eskatu diote. Aitzitik, EAJ, Eusko Alkartasuna, Batzarre eta Aralar biltzen dituen koalizioak "gizartearen parte-hartzearen bidez" definitzeko eskatzen du "Nafarroak nahi duen tren mota". AHTren auzian bestelako jokabidea du EAJk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, han ez baitu gizartearen parte-hartzea ahalbidetzen.

"Zer defendatzen du orduan NaBaik AHTren inguruan?", galdetu du CDN Convergencia de Democratas Navarros zentro-eskuineko alderdiko ordezkari Jose Andres Burguetek. Honek Nafarroako presidente eta UPNko buru Miguel Sanzi ea "noiz arte itxaron" behar duten galdetu dio.

Sanz sorbaldak uzkurtuta keinu bat eginez erantzun dio. Madrilekiko hitzarmena gauzatzen ez dela ikusirik, CDNk proposatu du Nafarroako Gobernuak berak bere aldetik abiatzea AHTrako lanak. Baina ez du beste ezein alderdiren babesik jaso.

Horiek hala, NaBaiko diputatu Txentxo Jimenez Burgueteri zuzendu zaio: "Zer galdetu behar diguzu? Zuek zarete hitzarmena sinatzeko gai ez zaretenak".

PSN alderdi sozialdemokratako diputatu Juan Jose Lizarbek gogora ekarri du PP Alderdi Popularrak soilik bidaiarientzako AHT ekarri nahi zuela. Oraingo asmoen arabera, ordea, salgaiak ere garraiatzeko izanen da, eta euskal y-arekin konektatuko da. Ezker Batuko kide Ion Errok erantzun dio orain arte ez PPrekin ez PSOErekin ez dela deus egin, eta "berehalako" terminoa berriz definitu beharko dela esan du. Hain justu, hitzarmenaren sinatzeaz mintzo, hitz horixe izan dute aldiro sozialdemokratek.

Bestalde, NaBaik berriz eskatu egin du AP 15 autopista dohan bihurtzea. Horren aurrean, UPN, PSN eta CDN alderdiak autobide horretan ezarritako beherapenak nabarmendu dituzte. Gainera, hauen idurikotz, autopista dohain bihurtzeak gastu handiak eragingo lizkioke Gobernua, eta hori ez dute "lehentasunezko" gisa hartzen.

Zentzu horretan, UPNko diputatu Carlos Garcia Adanerok NaBaiko alderdi baten jokaera kritikatu du, EAJren izena zuzenean aipatu gabe. "Argitu behar du ordainsariekin bat datorren, zeren eta hemen AP 15a liberalizatu nahi du eta Gipuzkoan nazionalistek ordainsariak jarri nahi dituzte autobideetan, hala nola Leitzarangoan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.