hezkuntza

UPN, PSN eta PP ere Lodosako ikastolako bisitan izan dira

Nafarroako Hezkuntza Saileko NaBai, Bildu eta Ezkerrako parlamentarioekin batera bisita eta bilera egin zuten atzo. Ikastola egoera ekonomiko zailean da.

2012ko martxoaren 8a
11:30
Entzun

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Saileko UPN, PSN, Nafarroa Bai, Bildu, PP eta Ezkerrako parlamentariak Lodosan izan ziren atzo, Ibaialde ikastolaren egoera bertatik bertara ezagutzeko. 17:15ean heldu ziren, Ana Mendizabal ikastolako lehendakariarekin eta Iñigo Telleria zuzendariarekin eraikinean bisita bat egin zuten, eta ondoren bilera bati ekin zioten. NaBai, Bildu eta Ezkerrak eskatu zuten legebiltzarkideek bisita egiteko.

Lodosako ikastola duela 25 urte sortu zuten, eta egun egoera ekonomiko zailean da. Otsailaren 5ean, irakasleak lau hilabetez soldata jaso gabe zeudelako, ikastolaren aldeko elkartasun festa egin zuten Sartagudan, dirua batzeko. Eguraldiak lagundu ez arren, uneko egoerari buelta ematea lortu dute, eta gaur-gaurkoz ordainduak dizkiete soldatak. Hala ere, hurrena berriz arazo berarekin egon daitezkeela esan dio Mendizabalek BERRIAri. "Egoera gardentasunez erakutsi nahi diegu legebiltzakideei".

Lodosa Nafarroako eremu ez-euskaldunean dago, eta euskara ez da ofiziala han. Gainera, Eusko Jaurlaritzak 2009z geroztik ez die diru laguntzarik eman, gobernuan PSE-EE denetik.

Aitziber Sarasola Bilduko parlamentarioak azaldu du espero duela Nafarroako Gobernuak —UPN-PSN— Lodosako ikastolaren egoera ezagutzea bisitarekin, eta esan du arazoa herrialdeko hizkuntz politikak sortzen duela. Nekane Perez NaBaikoak adierazi du ez daukala itxaropenik bisitarekin.

Ikastolak bost ikaslerekin ekin zion bideari orain dela mende laurden bat. Egun, 74 ditu. Bederatzi irakaslek eta idazkari batek osatzen dute lan taldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.