Miguel Sanz UPNren burua hartu du lehendabizi Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak, hamarretan, Gobernuaren lehendakari posturako hautagairik baden ikusteko gaur egin duen bilera txandan. UPNk "oraingoz" ez duela hautagairik aurkeztuko esan dio Sanzek, eta ez lukeela beste alderdien hautagairik babestuko. "Eta, hauteskundeak berriro egitea gustatzen ez bazaigu ere, ez diegu beldurrik", adierazi du. Inork gehiengo osoa lortzen ez badu, gehiengo sinple bidez hautatuko litzateke lehendakaria (betiere kontrako boto baino aldeko gehiago izanda). Bestela, hauteskundeak berriro.
UPNk bere inguruan eratu nahi du Nafarroako Gobernua, bera izan zela-eta maiatzaren 27ko hauteskundeetako irabazlea. 22 eserleku lortu zituen, Nafarroa Baik 12, PSNk 12, NEBek 2 eta CDNk 2. UPN Gobernuan ez balego, "gehiego soziala ez litzateke errespetatuko", Sanzen ustez, "gizartea konstituzionalista baita argi eta garbi".
PSNk ere ez du gaur Gobernuko presidentetzarako hautagairik aurkeztu, beste alderdien babesik ez duelako. Hori erabaki zuen atzo gauean PSNren Eskualde Batzordeak (106 boto alde, bat kontra), zuzendaritzaren iritziarekin bat eginez. Hala ere, gaur PSNk esan du ez duela baztertzen hurrengo astean bere hautagaia aurkeztea lehendakari posturako: Fernando Puras.
Atzoko bilera hori egin aurretik, Nafarroa Baik eta NEBek argi utzi zioten PSNri uneotan ez dagoela baldintzarik Puras presidentegai moduan proposatua izateko. Izan ere, oraindik NaBaik, NEBek eta PSNk ez dute hitzartu programaren edukia eta gobernuaren osaera, eta bi baldintza horiek lotuta egon ostean, babestuko lukete soilik Purasen hautagaitza.
NaBai ere bildu da Torresekin gaur, eta berretsi egin dio ez duela inor aurkeztuko eta inor babestuko orain. Patxi Zabaleta NaBairen lehendakarigaiaren ustez, "Gobernuan aldaketa lortzeko %50eko aukerak daude", eta hurrengo astean PSNrekin eta NEBekin "oinarrizko akordioa" egin dezaketela esan du. Purasek erantzun du "itxaropentsu eta baikor" dagoela.
Oraingoz, hautagarik ez dela, Nafarroako presidentearen hautaketa atzeratu egin daiteke.
Nafarroa
UPNk ere ez du hautagairik aurkeztu, eta "beldurrik ez" die hauteskunde berriei
Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteak egin ditu gaur kontsultak alderdiekin, baina Gobernuaren lehendakari izateko hautagairik ez dago, oraingoz. PSNk esan du ez duela baztertzen hurrengo astean berea aurkeztea, eta Nafarroa Baik dio egunotan akordioa lor dezakeela sozialistekin eta NEBekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu