Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren ustezko delituen gaineko datuak eman zituztenetik, egunero aldatzen ari da egoera Nafarroan. PSN zentsura mozioaren alde agertzearen ondorioz Nafarroa agertoki berri batean sar daitekeela eta, bazterrak harrotu dira Euskal Herrian eta Espainian. Nafarroa Espainiako Gobernuarentzat "estrategikoa" dela-eta Madrildik iritsi diren iritzien inguruko erantzunak etorri dira goizean Nafarroako politikarien eskutik, bertatik bertakoentzat ariko direla esanez.
Roberto Jimenezek SER irrati katean hitz egin du, eta esan du agertokia erabat aldatu dela Nafarroan: "2007ko egoerarekin ezin da konparatu, garai hartan ez zegoelako ustelkeria kasurik mahai gainean". 2007an NafarroaBairen eta PSNren akordioa eragotzi zuen PSOEk. Tinko agertu da. "PSNk ez ditu babestuko ustelkeria delituetan barruraino inplikatuta dauden gobernu eta pertsonak". Aldi berean, salatu du Yolanda Barcina Nafarroako presidentea arreta beste norabait "desbideratu" nahian dabilela, balizko zentsura mozio baterako PSNk, besteak beste, Bildurekin ados jarri beharko duela eta.
Gainera, zentsura mozioa "azken baliabidea" dela gogoratu du Jimenezek, aurretik Barcinak berak desegin dezakeela parlamentua.
Hori da, hain zuzen ere, Barcinak berak Diario de Navarra-n egin dioten elkarrizketan esan duena: dituen aukeretatik, onena zein den erabakitzen ari dela; tartean, berak desegitea parlamentua. Ikerketa batzordeak Nievesen akusazioak frogatuko balitu, zer neurri zehatz hartuko dituen galdetuta, zera dio: ez lukeela mantenduko "zintzotasunik ez duen inor" postu batean, baina orain arte ikusi duen bakarra "PSNren desesperazioa da: ez dio axolarik norbaiten inozentzia suntsitzea gobernura ailegatzeko".
EH Bildu
Bakartxo Ruizek maiatzaren 25ean hauteskundeetara deitzeari eman dio lehentasuna, eta esan "bigarren mailakoa" dela nork hartu dezakeen lehendakaritza, zentsura mozioa oposizioko talde guztiek babesten badute. "Protagonista bakarrak herritar nafarrak dira. Hainbat hilabete dira ahotsa hartu eta egoera hau ezin eutsizkoa dela salatuz eta hauteskundeak eskatuz. Eta hauteskunde horiek ospatu ahal izateko, guztiok gara beharrezkoak". Ruizek azaldu duenez, Bildu kontaktuan dago oposizioko alderdi guztiekin.
Geroa Bai
Uxue Barkos parlamentariak hauxe nabarmendu du: "Lehentasuna hauteskundeak egitea da". Barkosek adierazi duenez, Geroa Bai prest dago zentsura mozioa PSNrekin adosteko, "baita PSNko Roberto Jimenez trantsiziozko presidente izango balitz ere". Hain zuzen, PSNk zentsura mozioa aurkezteko hamar boto beharko lituzke, eta bederatzi dauzka jada. Barkosen ustez, Nafarroako alderdiek kudeatu behar dute egungo krisi egoera, Madrildik etor daitezkeen "presioek" eragin gabe.