Nafarroa

UPNk Nafarroa Bairi ez beste alderdi denei Gobernua osatzea eskaini die

Miguel Sanz litzateke lehendakaria, PSNkoa lehendakariordea, UPNk eta PSNk launa kontseilari lituzkete, eta CDNk eta NEBek bana. Torres Parlamentuko presidentea hilaren 17an berriro bilduko da alderdiekin, hirugarren bilera saila egin eta Gobernuaren lehendakari izateko hautagairik baden ikusteko

2007ko uztailaren 11
13:17
Entzun
Diario de Navarra egunkariak gaur argitaratu duenez, UPNk Nafarroa Bai koalizio abertzaleari ez beste alderdi denei -Nafarroako Parlamentuan ordezkatuta daudenei- gobernua osatzeko eskaintza egin die. UPNk, proposamen horrekin, exekutibo "konstituzionalista" osatu nahi du.

Proposamen horren arabera, Miguel Sanzek (UPN) segituko luke Nafarroako Gobernuaren lehendakari izaten, PSNkoa izango litzateke lehendakariordea, UPNk lau kontseilari izango lituzke, PSNk beste lau, eta CDNk eta NEBek bana. UPNren ustez, "gobernu soziala eta aurrerakoia" litzateke hori, "eta CCOO eta UGT bezalako sindikatuek eskatzen dutena beteko zen". Sanzek dio lau alderdi horien programen artean "alde txikiak" daudela.

Nafarroako Parlamentuko presidentea hautatzean, UPNk eta CDNk PSNren hautagai Elena Torresen alde egin zuten, eta hura dago ekainetik kargu horretan. Torres hilaren 17an berriro bilduko da Parlamentuko alderdiekin, hirugarren bilera saila egin eta Gobernuaren lehendakari izateko hautagairik baden ikusteko.

Azkeneko asteetan NaBaik (Aralar, EA, Batzarre, EAJ), PSNk eta NEBek hainbat bilera egin dituzte, "aldaketako Gobernua" osatzeko asmoz. Haiek esan dutenez, programa akordioa lortua dute eta Gobernuaren osaeraren egon dira arazoak. PSNk beti jarri du baldintza gisa Fernando Puras sozialista izatea lehendakari. NaBaik eta NEBek ontzat jo dute hori baina, kontseilariei dagokienez, ez dute PSNren proposamena onartu, gehiegizko presentzia duelakoan. Bilerei sanferminen ondoren ekitekotan geratu ziren lehengo astean.

Maiatzaren 27ko hauteskundeetan, UPNk 22 eserleku lortu zituen, NaBaik 12, PSNk ere 12, NEBek 2 eta CDNk ere 2. EAE-ANV baliogabetu egin zuten Espainiako auzitegiek; 18.000 boto lortu zituela esan zuen alderdi hark.

Aurreko legealdian UPNk eta CDNk osatu zuten Nafarroako Gobernua, gehiengo osoarekin. Galdu egin dute hori azkeneko bozetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.