Euskara Kultur Elkargoak (EKE) kritika zorrotza egin dio Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikari. Parlamentuan agerraldia egin du taldeak; murrizketen ondorioz EKE programak gutxitzen eta uzten ari dela ohartarazi du, eta gobernuak euskal hiztunen aurkako politika darabilela salatu.
EKEren zailtasun ekonomikoez hitz egin du Xabier Epalza elkarteko zuzendariak, baina euskalgintzako taldeen ezintasunen adibide bat besterik ez dela azaldu du. Nabarmendu du Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak ez dutela betetzen Euskararen Legea, eta euskararen normalizazioari trabak ezartzen dizkiotela.
"Administrazioak behartuta daude altxor hau babestera", ohartarazi du Epalzak. Hizkuntzen arteko gatazka ez, baizik eta "egiazko elebitasun" bat bilatu behar lukete administrazioek, bere hitzetan.
Euskara, beraz, gatazka politikorako erabiltzeari uzteko eta Nafarroan hizkuntza eskubideen "zonifikazioa" alde batera uzteko eskatu du, normalizazioan urratsak egiteko.
Bilduk, NaBaik, Ezkerrak eta Geroa Baik sostengua adierazi diote EKEri; haren lana goraipatu, eta gobernuak euskara eta kultura politiketan eginiko murrizketak gaitzetsi dituzte.