UPNko Zerrenda Batzordeak 2015eko foru hauteskundeetarako hautagaitzak Batzorde Politikoaren esku uztea erabaki zuen atzo. Amelia Salanueva UPNk Espainiako Senatuan duen ordezkariaren ustez, erabaki horrek "argi uzten du posible dela estatutuak bete eta afiliatuei galdetzea". Alde horretatik, alderdiaren hautagaia erabakitzeko primarioak egiteko eskatu du beste behin ere. Adierazi duenez, Zerrenda Batzordeak hartutako erabakia "urrats bat da, baina ez nahikoa". Izan ere, senatariak gogorarazi du "UPNko afiliatuak ia 4.000" pertsona direla, eta haiei protagonismoa emateko eskatu du.
Salanuevaren ustez, badirudi beldurra zaiola alderdiaren oinarriari. Horregatik, "beldurrik ez" izateko eskatu du, militanteei galdetzea "ezberdintasunak gainditzeko aukera" dela iritzita. "Askatasunari ez zaio horrenbesteko beldurrik izan behar, UPNk hauteskundeak irabazteko xedea izan behar baitu", ondorioztatu du.