Cristina Altuna

"UPNri sarri esan zaio euskararen kontra dagoela; ez da egia"

UPNk dituen bi parlamentari euskaldunetako bat da Altuna. Dioenez, "inoiz" ez da aurreko gobernuen hizkuntza politikak diskriminatua sentitu. Euskaraz "normaltasun eta askatasun osoz" mintzo dela dio.

UPNk dituen bi parlamentari euskaldunetako bat da Altuna. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ander Perez Argote
2016ko otsailaren 12a
11:38
Entzun

“Normaltasun osoz” hartzen du Cristina Altunak (Ultzama, 1984) UPNri legealdian egokitu zaion tokia. Gobernu aldaketa “ariketa demokratikoa” izan dela dio, eta, are, UPNrentzat “aukera” ere izan daitekeela uste du; “gauza batzuk hobetzeko” aukera, hain justu.

Zertan zenbiltzan parlamentuan sartu aurretik?

Kazetaria nintzen, eta lan batzuk egiten nenbilen, kazetari gisa. Navarra Capitalen egon nintzen, eta, aurretik, irratian, Madrilen batez ere… Langabezia eta aldi baterako lanak uztartuz ibili naiz.

Zergatik erabaki zenuen politikarako jauzia egitea?

Ustekabeko egoera sortu zitzaidan; ez nuen espero, baina asko pentsatu eta gero zerbait eskain nezakeela ikusi nuen, eta erabaki nuen pauso hori ematea. Konbentzituta egindako prozesu bat izan zen.

Alde handirik al da komunikaziotik politikara?

Kazetariak ohituta gaude batzorde eta osoko bilkuretan lantzen diren gaiak jarraitzera, eta, alde horretatik, banekien zer aurkituko nuen. Baina egia da atzetik dagoen lana ezberdina dela; batzuekin eta besteekin bilerak egin behar izaten ditugu besteen ikuspuntua ezagutu eta ulertzeko. Batez ere, atzeko lan horretan ikusi dut aldea, baina, tira, elkarrizketa asko ere izaten ditugu, eta hori kazetariok ikasita daukagu.

UPNk boterea galdu duen legealdian sartu zara parlamentari. Espero zenuen egoera hau?

Ikusten zen Nafarroako egoera oso tenkatua zegoela, eta gerta zitekeen. Hala onartzen dugu. Egoerari normaltasun osoz aurre egiten diogu; hau demokrazia bat da, eta demokrazian gertatzen da batzuetan gobernuan egotea eta beste batzuetan oposizioan. Gure lana da gauzak ahalik eta hobekien egitea, eta horretan gabiltza.

UPNk galtzen jakin izan du?

Dena ikasi behar da. Egia da azkeneko urteetan gobernuaren aldean egon dela UPN, eta, denok bezala, ikasteko prozesua behar du orain. Baina nik normaltasun osoz ikusten dut, eta pentsatzen dut azkenean lana ongi egiten denean denen onurarako dela; horretan ari gara.

Autokritikarik egin al duzue?

Prozesu horretan gara. Apirilean izango da UPNren kongresua: alderdi politikoak duen hausnarketa une bat da, eta aztertu beharko dira alderdiaren irudia eta egitura. Aldatzeko aukera egongo da, eta, batez ere, denboretara moldatzeko aukera. Bizitzan ezin zaitezke geldirik egon; denok egiten dugu aurrera, eta hainbat gaitan hori garrantzitsua da.

Baina, politikoki, aztertu ote da zeintzuk izan diren botere galera ekarri duten arrazoiak?

Ni ez nabil hausnarketa horietan, oraingoz ez naizelako alderdiaren parte. Prozesu hori irekita dago; gauza asko ari dira pentsatzen, eta gai asko ari dira jartzen mahai gainean. Hurrengo hilabeteetan joango dira azaleratzen.

Arrakalarik sortu al dute UPNn 2015eko maiatzeko emaitzek?

Sendo ikusten dut alderdia, baina, dena den, egunerokoan ikusi beharrekoa da hori, lan publikoan erakusten dena. Oraingoz sendo ikusten dut, eta egiten ari den hausnarketa prozesuan zintzotasuna ikusten ari naiz.

Sei hilabeteko jarduna bete du Nafarroako Gobernuak. Nola ikusi duzu?

Gustatuko litzaidake sei hil hauetan beste gai batzuei buruz hitz egin izana. Ekonomia arloan ez dira gai asko landu. Joan den astean izan genuen enpleguari buruzko bilkura, azkenean; haren falta sumatzen genuen. Arlo sozialean behar asko daude, eta gobernuaren kudeaketan ez dut hori islatuta ikusi. Beste gauza batzuei buruz hitz egin da, eta beste gauza batzuei eman zaie lehentasuna.

Euskararekin lotutako eztabaidak baliatu ditu oposizioak gobernua kritikatzeko. Zuri, euskaldun gisa, zer iruditu zaizkizu ika-mika horiek?

Batez ere hezkuntzaren arloan ikusi dut eztabaida. Askotan, gai horiek ukitzen direnean eta beste interpretazio bat ematen duzunean, badirudi euskararen kontra ari zarela, eta nik ez dut horrela ikusten. Hezkuntzako lan eskaintza atera zenean, lanpostuen %30 gazteleraz eskaini ziren, eta %70 euskaraz. Berdintasuna eskatzen dugu arlo horretan, eta zentzuz jokatzea. Batetik, ikusten delako Nafarroako irakasleen gaitasuna ez dela deialdi horretan islatzen, eta, ondorioz, gerta liteke hemengo irakasleek beste erkidego batzuetan bilatzea hemen ez duten lana. Berdintasuna eskatzen dugu. Hori bai, argi utzi nahi dut euskarazko lanpostuak defendatzen ditugula, noski, gaztelerazkoak eta PAI ereduarenak defendatzen ditugun bezala. Nire kasuan ikusi dut: lana bilatzeko garaian euskaraz jakinik ere askotan eskatu didate ingelesezko titulua. Enpresa askok ere nazioartekotzera jo dute, eta, ondorioz, asko ari dira ingelesa eskatzen. Formakuntza handiko jendeak agian ezin du lanpostu horietara jo, ingeles titulurik ez duelako. Behar hori ikusita, behar horri erantzuna ematea nahi dugu.

Euskalgintzak sarri salatu izan du UPNren hizkuntz politikak euskaldunak diskriminatu dituela. Zu diskriminatua sentitu al zara inoiz?

Lankideekin ez naiz inoiz horrela sentitu, eta nire inguruan ohitura dut euskaraz hitz egiteko, bai etxean eta bai lagunekin. Diskriminazio hori ez dut inoiz izan. Agian, askok horretara jotzen dute, euskara kalean ez dagoen lekuetan hura bultzatzeko lana egin ez izana horrela ulertu dutelako, baina ni ez naiz inoiz horrela sentitu, eta gaur egun ere euskaraz hitz egiteko ohitura dut, normaltasun eta askatasun osoz.

Oposizioan da UPN. Parentesi bat da, ala aro baten amaiera?

Uste dut horrelako egoerak aukerak direla. Demokrazia baten barruan normalak dira halako aldaketak; ikuspuntu guztiak ezagutzeko balio du, eta hori ona da; ariketa demokratikoa da. Hausnarketa ariketa bat egiteko ere ongi etor dakiguke; batez ere, gauza batzuk hobetzeko, egia baita gauza batzuetan erantzun hobeak eman ditzakegula. Jende askorekin hitz egin behar dugu prozesu horretan, asko entzun, eta, ahal den heinean, gaizki egindako gauzak hobetu, zuzendu, eta gizartearentzat lan egin.

Zeintzuk dira hobetu beharreko gauza horiek?

Oraindik agudo da horiek zein izango diren esateko, baina egia da azkeneko urteetan tituluak izan diren gai horiek izan daitezkeela garrantzitsuak. Badira beste alderdietatik ematen diren mezu batzuk, agian beste modu batean erantzun behar ditugunak. UPNri sarri esaten zaio euskararen kontra dagoela. Argi dago hori ez dela egia, baina, agian, beste era batean komunikatu behar dugu ideia hori. Sakoneko prozesu bat da; ikusi behar dugu zer gai dauden mahai gainean, eta zer erantzun eman behar zaien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.