Bi herrialdeen arteko ur azpiko goi tentsioko lotura elektriko berri bat egitea aztertzen ari dira Espainia eta Frantzia, Bizkaiko Golkotik barrena. Hala jakinarazi zuen atzo Luis Atienza Red Electrica Española enpresako lehendakariak.
Elektrizitate eta iraunkortasunari buruzko jardunaldi batzuetan egin zituen adierazpenak Atienzak, Madrilen. Haren hitzetan, 2020rako Europak energia berriztagarrien alorrean ezarritako helburuak betetzeko -oinarrizko eskariaren %40 iturri horietatik iristea eskatzen dio-, Frantziarekiko loturaren ahalmena handitu egin behar du Espainiak, gutxienez 5.000 megawatt eduki arte.
Horretarako, bi herrialdeen artean oso goi tentsioko bi lotura gehiago egin beharko dira, Herrialde Katalanetako Pirinioetatik egin behar dutenaz gain, beti ere Atienzaren esanetan. Kataluniako linea hurrengo urtean hasiko dira eraikitzen, eta 2.800 megawatteraino handituko du bi herrialdeen arteko loturaren ahalmena. Linea hori 2014rako prest edukitzea nahi du Red Electrica Españolak.
Bizkaiko Golkoan
Kataluniakoarekin aski ez, eta Bizkaiko Golkotik beste lotura bat egitea aztertzen ari dira, ur azpikoa. Lotura horren inguruko argibide gutxi eman zuen Atienzak, eta ez zuen zehaztu, besteak beste, nondik nora egingo den lotura berria.
«Ezinezkoa da Europatik energia berriztagarrietarako eskatzen zaizkigun helburuei erantzutea gaur egun ditugun loturekin». Horregatik, elektrizitate autobideak beharko direla gaineratu zuen Atienzak, Europako herrialdeen artean dauden energia berriztagarrien ekoizpen ezberdinei erantzun ahal izateko.
Espainia Europaren barruan «energia uharte bat» dela adierazi zuen REEko buruak. Horren haritik, Europan egindako ikerketa bat aipatu zuen. Horren arabera, %80an energia berriztagarriekin funtzionatuko lukeen sistema batean, Espainiak 47.000 megawatteko lotura beharko luke Europarekin.
Alde horretatik, Atienzak gogoratu zuen ez dela posible energia berriztagarrien aldeko apustua egitea ez bada sareen ingurumen eragina bere gain hartu nahi. Era berean, Espainiak barruko ponpatze gaitasuna bikoiztu egin beharko duela uste du REEk, eta barruko sarea indartu.
Atienzak gogoratu zuen azpiegituretan hurrengo hamarkadan egingo diren ahalegin handienak izango direla Frantziarekiko loturak egitea eta hobetzea, horrek ateak irekiko dizkiolako Espainiari Europako sare elektrikora, alegia, «munduko osoko sistema elektrikorik handienera».
Espainia eta Frantziaren arteko lotura elektrikoak buruhauste ugari ematen ari zaizkie bi herrialdeetako agintariei, besteak beste, oso goi tentsioko linea horiek ingurumen eragin handia dutelako.
Ur azpiko goi tentsioko linea egin nahi dute Bizkaiko Golkoan
Frantzia eta Espainiaren arteko argindar sarearen lotura hobetu nahi dute linea berriarekin, REEk jakinarazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu