Independentistak sareko hainbat kidek Madrilgo Cibeles plazako eta Parisko Louvreko Piramideetako iturrietako urak berdez pintatu zituzten atzo. Independentziaren aldeko aldarrikapena egiteko asmoz egin zuten ekimena.
Sareak kolore hau erabiltzen du independentziaren kolore gisara, eta, azaldu dutenez, kolore hori eman diote «Euskal herriaren nortasun eta eskubideak ukatzen dituzten estatuetako hiriburuetako iturriei». Ekimen xumeak izan direla adierazi dute, baina esanguratsuak eta aro berri baten ikur bihur daitezkeenak.
Anorak berdeak jantzita egin dute ekimena, Parisen eta Madrilen ordu berean. Independentistak sarearen izarra bizkarrean zutela aritu dira ekintzaileak. Espainiako Konstituzioaren egunean, ekimen horien bidez, honela salatu dute: «Euskaldunok ez dugu ez konstituzio ezta estaturik, ezta hura osatzeko eskubiderik ere». Hori Espainiako eta Frantziako legeek ahalbidetzen dutela gaineratu dute: «Gaur egun Euskal Herrian dagoen egoera ez da herritarren erabakia izan».
Txutxi Ariznabarreta Independentistak sareko sortzaile eta bultzatzaileak adierazi duenez, «ekimen baketsuak izan dira, eta aurrerantzean ere bide horiek esploratzen jarraituko dugu; era baketsuan egingo diogu aurre estatuen zapalketari eta gure herriaren eskubideen ukazioari».
Desobedientzia ekimena
Ekimen horiek independentziaren alde erabiliko den jarduera esparru berri baten lehen urratsak direla adierazi dute: desobedientzia zibilarenak. Euskal Herrian askotan erabili izan den borroka moldea da desobedientzia, intsumisioaren aldeko jardueretan kasu: «Ez gara deus asmatzen ari, saio horietatik ikasi eta eredu berriak sortuko ditugu, gure mugimenduaren zabaltasuna eta aniztasuna aintzat harturik».
Halako ekimenak bultzatuko dituztela aurreratu dute. Pauso desobediente zabalak eta parte-hartzaileak planteatzen dituzte, «betiere ekintzaileek milaka sarekideren babesa izango dutelarik». Garatu, zabaldu eta sakondu beharreko lan arlo gisa ikusten dute desobedientzia zibila.
Mugimendu berri hau sortu zenetik, sareak aurreratu zuen hiru esparrutan arituko zirela lanean. Independentziaren bidean dituzten hiru gakoak: konfrontazio politikoa, hau da, ideiena; desobedientzia zibila eta nazio eraikuntza.
INDEPENDENTZIAREN ALDARRIKAPENA DURANGON
Ur berdea Cibelesen eta Louvren
Independentistak sareko zenbait kidek berdez pintatu dituzte Madril eta Parisko bi iturri esanguratsu, «Euskal Herriaren nortasun eta eskubideak ukatzen dituzten bi estatuetako hiriburuak direlako»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu