De Miguel auzia

Ur uherrak 'euskal oasian'

'De Miguel auzia' ez da ustelkeria auzi bakarra izan Euskal Herrian. Hainbat afera heldu dira auzitegietara azken urteotan.

Alfredo de Miguel eta haren abokatu Gonzalo Susaeta, Arabako Probintzia Auzitegira heltzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
2019ko abenduaren 18a
15:33
Entzun

De Miguel auziaren epaia ezagutu den honetan, parada dago gogoratzeko Euskal Herrian azken hamarkadotan plazaratu diren kasuak. Hona horietako batzuk.

Bakio: Bizkaiko herri horretako alkate ohi Txomin Renteriari (EAJ) bi hilabete eta erdiko zigorra jarri zioten 2017an agiri publikoak faltsutu eta administrazioari iruzur egiteagatik. Renteria 1995etik 2011ra izan zen Bakioko alkatea, eta Kiura talasoterapia proiektuaren adjudikazio baldintzak aldatzeagatik epaitu zuten, enpresa bati mesede egiteagatik. Iaz, Auzitegi Gorenak kartzela zigorra kendu zion, baina zortzi urtez kargugabetu zuen.

Muskiz: Barakaldoko 1. Zigor Epaitegiak zazpi urteko kargugabetze publikoa ezarri zion 2017an Gonzalo Riancho Muskizko (Bizkaia) EAko alkate ohiari, prebarikazioagatik, kontratu bat ahoz, «modu lotsagabean eta edozein prozedurari muzin eginez» emateagatik. Gehilan 2000 SM enpresari 35.500 euro bitarteko fakturazioa egiteagatik salatu zuten Riancho, Muskizko Formakuntza Zentroan udako ikastaroak emateagatik. Udaleko kontu hartzaileak «desegokitzat» jo zuen prozedura, baina alkateak ez zion kasurik egin.

Karrantzako Minda planta: Karrantzako (Bizkaia) alkate Jose Luis Portillo (EAJ) eta Martin Askazibar Jaurlaritzako goi karguduna zigortu zituzten epaileek hango Minda plantaren aferaren harira: bi urteko inhabilitazioa eta 1,7 milioi eurorainoko isunak ezarri zizkieten. Karrantzako Minda enpresak porrot egin zuen, proiektua gauzatu aurretik hamar milioi euro baino gehiagoko diru laguntza publikoa jaso ostean.

Mallabia: 2008. urtean Jose Luis Pagaldai alkate ohi jeltzaleari hiru urteko eta sei hilabeteko zigorra ezarri zioten epaileek, agiri publikoak faltsutzea eta diruaren erabilera bidegabea egotzita. Udaleko kontu hartzailea ere zigortu zuten. Epaileek frogatutzat jo zuten herriko industrialde bateko enpresek dirua sartu zutela udal arduradunek irekitako legez kanpoko kontuetan.

Erandio: Erandioko (Bizkaia) Hirigintzako zinegotzi Itziar Koba (EAJ) zigortu zuten 2017an, prebarikazioagatik. Epaileek frogatutzat jo zuten prebarikazio delitua egin zuela, birziklatze enpresa bati baimenik gabe jarduten utzi ziolako.

Bravo auzia: Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak (2012an) eta Auzitegi Gorenak (2013an) ebatzi zuten Jose Maria Bravo Irungo bulegoko zuzendari ohiak diru kopuru bat eskatu ziela herrialdeko ogasunarekin zorrak zituztenei, zorra kitatu, gutxitu edo ordaintzeko gai ez zirela argudiatzeko. Hala, 1,9 milioi euro eskuratu zituen, eta ogasuna 8,1 milioi jaso gabe geratu zen. Diru publikoa bidegabe erabiltzea, dirua zuritzea, prebarikazioa eta ondasunez jabetzea egotzi zion auzitegiak, eta 11 urteko espetxe zigorra ezarri. Gorenak hamar urtera jaitsi zion. Haren emazte ohi Rosa Cobosi hiru urte pasako zigorra ezarri zioten, laguntzeagatik, eta Gorenak urtebete murriztu zuen. Era berean, aldundiari eman beharreko 1,9 milioi euroko kalte-ordaina ezarri zion aldundiak Bravori, eta bi milioi euroko isuna. Soto del Real kartzelan sartu zuten, 2012an. 1990-2004 artean izan zen Bravo Irungo Ogasuneko zuzendari. EAJ zegoen orduan Gipuzkoako Aldundian sail hartako agintean.

Urralburu auzia: Nafarroako Gobernuko lehendakari zela, Gabriel Urralburuk (PSN) legezkoak ez ziren komisioak jaso zituen, eta Lurralde Auzitegiak 11 urteko kartzela zigorra eta 780 milioi pezetako isuna ezarri zizkion 1998an. 1984-1991 artean izan zen lehendakari, eta azkeneko legealdian egin zuen delitua. Eraikuntzako zortzi enpresari lan publikoak esleitzearen truke jaso zuen dirua, modu irregular batean. Auzi berean, Nafarroako Auzitegiak zazpi urteko kartzela ezarri zion Antonio Aragon 1987-1991n Herrilan kontseilari izanari, Urralbururen emazte Olivia Baldari, Aragonen emazte Ana Isabel Romerori eta Luis Roldan Guardia Zibileko buru ohiari hiruna urte ezarri zizkien, eta Jorge Esparzari lau urteko zigorra. 2001eko martxoan, Espainiako Auzitegi Gorenak jaitsi egin zizkien zigorrak. Urralbururi, kasurako, lau urtera, eta Iruñeko espetxean sartu zuten. Urte bereko abenduan, hirugarren gradua eman zioten, eta 2003ko abuztuan, baldintzapean aske utzi zuten.

Osakidetzako 1990eko oposizioen auzia: 1990eko oposizio publikoetan 2.500 lanpostu zeuden jokoan, eta 50.000 lagun aurkeztu ziren. PSE-EEk Jaurlaritzan Osasun Sailaren ardura zuela,Arabako Lurralde Auzitegiak azterketetan iruzur egitea egotzi zien lau kide sozialistari, 1998an, alderdiko eta UGT sindikatuko militanteei azterketako edukien berri eman zietelako aurretik. Sei urte eta erdiko kartzela ezarri zien Mario Gonzalez Osakidetzako orduko zuzendari nagusiari, Pedro Perez Kudeaketa Ekonomikoko buruari eta Jose Angel Martin teknikariari; eta seikoa Pablo Sastre informatikariari —urtebetekoa azterketak zuzentzen zituen enpresaren arduradun Francisco Javier Abasolori—. 2001ean, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen zigorra, baina lau haiek gobernuari indultua eskatu zioten urte berean. Madrilek erabakia hartu artean libre segitu zuten, eta 2007an PSOEko gobernuak indultua eman zien.

Guggenheim auzia: Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, bidegabeko jabetza eta merkataritza arloko agirien faltsutzea leporatuta, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra jarri zion Roberto Zearsolo museoko Administrazio eta Finantza zuzendari ohiari, 2010. urtean. 1998tik 2005era ia milioi erdi bat euro ostu zituela aitortu zuen Zearsolok Bilboko Epaitegiko epailearen aurrean, baina, Guggenheimetik kanpoko enpresa batek egindako ikuskaritzaren arabera, 556.482 euro ebatsi zituen. Hala jaso zuen epaiak, eta sententzia izan zenean 437.900 euro bueltatuak zituen. Internet bidez egin zituen diru transferentzia ugari, eta beste asko, Juan Ignacio Bidarte museoko zuzendariaren sinadura faltsututa txekeetan.

Galipienzo auzia: 2003an egin zuen eztanda kasuak. UPNko Ignacio Galipienzo Eguesibarko (Nafarroa) alkateak eskola erabilerarako zoru batean aparthotel bat eraikitzeko baimena eman zion enpresa bati. Atzean Aricam taldea zegoen, eta Galipienzok harentzat egiten zuen lan. Partaidetza zuten Nafarroako Kutxak eta Emilio Izquierdo Industria zuzendari ohiak. 2009an egin zuten epaiketa, eta urtebeteko espetxe zigorra ezarri zioten Galipienzori.

Ibarra auzia: Juan Ramon Ibarra Bizkaiko Aldundiko (EAJ) Ogasuneko Ikuskaritza arduradun izanari lau urte eta erdiko kartzela ezarri zion 2013an Auzitegi Gorenak, berrehun zergadun baino gehiagori agiri faltsuen bidez lagundu ziela egotzita. 2014ko otsailean sartu zuten espetxean, eta handik bi hilabetera hirugarren gradua eman zioten.

Epsilon: Erakunde publikoek 50 bat milioi euro eman zizkioten Epsilon-Euskadi 1 Formulako autogintza egitasmoari. Porrot egin zuen, eta Gasteizko Epaitegiak 2013an zigortu egin zuen Joan Villadelprat Epsiloneko administratzailea: hiru urteko inhabilitazioa ezarri zion, eta 900.000 euroko isuna.

Otano auzia: 1995ean, alderdi abertzale bat —EA— Nafarroako Gobernuan sartu zen lehen aldiz, PSN eta CDNrekin ituna eginda, eta Javier Otano sozialista jarri zen lehendakari. 11 hilabete baino ez zituen egin karguan, Suitzan diru kontu bat zeukala zabaldutakoan dimisioa eman zuelako. Han bukatu zen gobernu hura, UPNren mesedetan. Otanok aitortu zuen kontu hartako sinadura berea zela, baina esan zuen ez zuela sosik baliatu. Ustez, Gabriel Urralburu Nafarroako gobernuburu ohiak agindu zion firma botatzeko, dirua PSNren «beharretarako» zela adierazita. Nafarroako Lurralde Auzitegiak kasua preskribatutzat eman zuen 2004an.

Kutxabank auzia: Kutxabankeko presidente Mario Fernandezek 243.000 euro eman zizkion Mikel Cabieces (PSE) Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohiari, 2012an PPko buru batek eskatu ziolako hari «irteera profesional bat» topatzeko. Fernandezi sei hilabeteko kartzela zigorra eta 4.500 euro inguruko isuna ezarri zioten 2017an, «dirua bidegabe erabili izanagatik». Cabiecesi urtebeteko kartzela zigorra ezarri zioten, eta 9.000 euroko isuna. Rafael Alkorta abokatuari sei hilabeteko kartzela zigorra eta 4.500 euroko isuna ezarri zizkioten.

Balentziaga museoko auzia: Mariano Kamio Getariako (Gipuzkoa) alkate (EAJ), Balentziaga Fundazioko lehendakariorde eta Berroeta Aldamar elkarte publikoko kudeatzaileari lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak aurtengo martxoan, kudeaketa desleiala egiteagatik eta merkataritza agiriak faltsutzeagatik. 1999an Balentziaga Fundazioa sortu zuten, Cristobal Balentziaga jostunaren jaioterrian museo bat eraikitzeko helburuarekin; sei milioi euroko inbertsio aurreikuspena zuen —30 milioi izan ziren azkenean—.

Marie afera: Bernard Marie Miarritzeko auzapez eta diputatu ohia zena eta haren alaba Michele Alliot Marie jomugan dute Parisko hiru epailek, dirua bidegabe erabiltzea leporatuta. 2013an salatu zutenez, aitaren onuran arituz «karguaz baliatu» zen Alliot Marie. Frantziako Justizia ministro eta Barne ministro ohi izateaz gain, Donibane Lohizuneko auzapeza ere bazen Marie alaba, eta, ikerketaren arabera, 200.000 euro desbideratu zituen haren aita jabea zen Xantako hotelera.

Txanpon makinen auzia: 1985-1989 artean, EAJri egotzi zioten alderdia legez kanpo finantzatzea makinen lizentzien salmenten bidez. 2001ean ahozko epaiketa egin zuten, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, eta epaileek ebatzi zuten kasua preskribatuta zegoela, ikerketa hasi zenetik epaiketa abiatu zen arte bost urte baino gehiago igaro zirela ebatzita.

Errigoiti: Bizkaiko Errigoitiko Iñaki Madariaga alkate jeltzalea hauteskunde delitua egotzita epaitu zuten 2016an, herrian 32 lagun —haietako batzuk Galizian bizi ziren— legez kanpo erroldatu izana leporatuta. Auzi horren epaia ez dute oraindik eman. Iruzur horren bidez 2011ko bozak irabazteko asmoa zuen alkate ohiak. Eta irabazi egin zituen, baina Bilduk ustezko irregulartasuna salatu zuen. Ez da alkate ohiak izan zuen gorabehera bakarra: epaileek urtebeteko espetxe zigorra jarri zioten 2010ean biomasa plantaren aurkako protesta batean zegoen talde bateko pertsona bat autoarekin harrapatzeagatik.

Alonsotegi Eraikiz auzia: Iaz, Barakaldoko Instrukzio Auzitegiak Bizkaiko Alonsotegi herriko EAJko bi alkate ohi —Gabino Martinez de Arenaza eta Aitor Santisteban— auzipetu zituen, diruaren bidegabeko erabileragatik. Haiekin batera, zinegotzi sozialista bat ere ikertzen ari dira. Epailearen ustez, badaude zantzuak eragin trafikoa, diruaren bidegabeko erabilera, iruzurra eta funtzionario publikoen jarduera debekatuak egin zituztela. Ikertuek Alonsotegi Eraikiz enpresa sortu zuten 2003an, hirigintza sustatzeko, baina 2011n itxi zuten, kiebra jota. Udalak bere gain hartu behar izan du hark utzitako 4,1 milioi euroko zorra. Epaiketaren zain dago auzia.

Glass auzia: Irailaren 17an ekin zioten Donostian Glass auziko epaiketari. Ogasunari iruzur egitea egotzi diete EAJko senatari ohi Victor Bravori eta Glass Costa enpresako administratzaile bati. Gipuzkoako Fiskaltzaren arabera, Bravok eta haren sozio batek operazio bat «planifikatu» zuten Glass Costa Este Salou izeneko enpresak «abantaila fiskal nabarmenak» lor zitzan. Enpresak Sustatzeko Sozietateentzat 1996an sortutako zerga erregimen berezia baliatu zuen 2003 eta 2006 artean, egoitza fiskala Gipuzkoan ezarriz «abantaila fiskal nabarmenak» eskuratzeko, nahiz eta Gipuzkoan jarduerarik ez izan, fiskalaren arabera. Victor Bravo Bravo auzia-n zigorturiko Jose Maria Bravoren anaia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.