Galdeketa egin zuten atzo Lerinen (Nafarroa), bertako lurrak Nafarroako Ubidetik hartutako urarekin ureztatuko dituzten ala ez erabakitzeko. Ureztatzaileen Elkarteak antolatu zuen kontsulta, eta lurren jabeak diren Leringo herritarrei eman zien hitza. 657 pertsonak parte hartu zuten, herriko lurjabeen %68k, eta 2.488 boto eman zituzten guztira. Horietatik, Ubideko ura erabiltzearen aurka azaldu ziren 1.315 (%53), eta egitasmoaren aurka gainerako 1.173 botoak (%47).
Galdeketa bete beharrekoa izanik, herritarren erabakia bete beharko du Leringo Udalak, Nafarroako Gobernuaren egitasmoari ezetz esanez. Itoizko Urtegitik eramango luke ura Lerinera Nafarroako Ubideak, baina herritar gehienek kostu handia ikusten diote horri, eta uste dute uraren pribatizazioa ekarriko lukeela.