Westminster Auzitegiak jakinarazi du azaroaren 13an egingo dutela Kemen Uranga Artolaren estradizioari buruz erabakitzeko epaiketa. Uranga (Ondarroa, Bizkaia, 1969) hilaren 8an atxilotu zuten, Londresen, ETAko kidea delakoan. Espainiako Auzitegi Nazionalak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua ezarria zuen 2001. urtetik. Epaileak badaezpada espetxeratzeko agindu zuen.
Westminster Auzitegira eraman dute gaur Uranga, eta bertan izan dira Euskal Herritik joandako senide eta lagunak ere. Irailaren 10ean agertu beharko du berriro —bideokonferentzia bidez—. Egun horretan defentsak bere argudioak azalduko ditu, Abigail Bright abokatuak adierazi duenez. Batetik estraditatzeko euroagindu eskaerak dituen forma akatsak, eta bestetik, Britainia Handiko legediaren xedapen bat urratzea: estradizioa eskatzen duen herrialdeak estradizioa bultzatu duten delituengatik bakarrik epaitu dezake auzipetua, ez beste batzuengatik.
Defentsak ez du oraingoz Urangaren baldintzapeko askatasuna eskatu. Urriaren lehen egunean abokatuek froga berriak aurkezteko aukera izango dute, eta Fiskaltzak, urriaren 26an izango du defentsaren argudioei erantzuteko aukera.
Bizkaia taldearekin kolaboratu izana egozten diote Urangari . 2000. urtetik dago ihes eginda Uranga, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak hura atzemateko euroagindua emana zuen. Jose Maria Lidon epailearen hilketarekin zerikusia duelakoan atzeman dute. 2001. urtean hil zuen ETAk Lidon, tiroz, Getxon (Bizkaia).