Uraren Euskal Agentziak oniritzia eman dio Lezamako zabortegiari

Hondakindegiak lau milioi metro kuboko edukiera izango luke, Ganguren mendian: Zaldibarkoak halako bi. Udala eta eragile ekologistak proiektuaren aurka agertu dira

Lezamako Ganguren mendiaren inguruak. BIZKAIKO HITZA.
jone arruabarrena
2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Uraren Euskal Agentziak egingarritzat jo du enpresa pribatu batek Lezaman egin nahi duen hondakinen balorizaziorako azpiegitura. Lau milioi metro kuboko edukiera izango du —Zaldibarko zabortegiarena halako bi—. Hain zuzen, Uraren Agentziak hilaren hasieran kaleratutako txosten batean dio «potentzialki» baimena emateko modukoa dela proiektua, uraren kudeaketari dagokionez beharrezko baldintza guztiak betetzen dituelako. Udala eta herriko zenbait eragile, ordea, aurka agertu dira.

Zabortegia Ganguren mendiaren magalean dauden lurretan jartzeko asmoa dauka enpresak, eta 40 hektarea hartuko dituela aurreikusten da.

El Correo egunkariak zabaldu duenez, 2020. urtearen amaieran erosi zituen lurrak Promociones Zubiaurre 2004 izeneko enpresak. Ordura arte, 6.000 euro inguruko kapital soziala baino ez zeukan, baina, 2020an, Zaldibarko zabortegia amildu ondoren, hainbat aldaketa egin zituen: 686.000 euroraino igo zuen bere kapitala, kokalekua aldatu zuen, eta baita jabea ere. Horrez gain, «hondakin ez-arriskutsuen tratamendurako eta deuseztapenerako» enpresa gisa izendatu zen erregistroan.

Aldaketa horien ondoren egin zuten hondakindegiaren aurreproiektua, eta Uraren Euskal Agentziari aurkeztu zioten. Orduko hartan egin zuen Uraren Agentziak lehen txostena; hartan, azken txostenean egin duten gisan, agentziak baieztatu zuen proiektuak bete egiten dituela uraren kudeaketako legeak.

Lezamako Udala ez da bat etorri Uraren Euskal Agentziarekin. Izan ere, haren arabera, proiektuak ez ditu Lezamako hirigintza planaren baldintzak betetzen, eta, beraz, ez da bideragarria. Hain zuzen, Uraren Agentziak egindako lehen txostena kaleratzearekin batera, udalak, «aho batez erabakita», Ingeotyc S.M. enpresari eskatu zion azpiegitura horren bideragarritasunari buruzko irizpen tekniko bat egiteko. Lezamako udal taldeak azaldu zuenez, irizpen horren arabera proiektua «bateraezina» da: «Azterketa egin ondoren, irizpenak azaltzen du ezaugarri horiek dituen eraikuntza bat bateraezina dela proposatutako kokalekuarekin, besteak beste lurraldearen antolamenduko, plangintzako eta ingurumen legeriako hainbat arau ez direlako bete».

Horiek horrela, udaleko osoko bilkurak proiektuaren gaineko gaitzespena adierazi zion Jaurlaritzari adierazpen instituzional baten bidez, eta Uraren Agentziari ere eskatu zion Ingeotyc enpresak egindako txostena kontuan hartzeko. Hain zuzen, eskaera horren harira argitaratu du agentziak bigarren txostena, duela aste batzuk. Hala ere, proiektuak aurrera egin dezan, Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekin eta bestelako baldintzekin lotutako baimenak eman beharko lituzke oraindik, eta, erakundeak esan duenez, oraindik ez zaio iritsi halako baimenak emateko eskaerarik.

Lezama Bizirik talde ekologista ere hondakindegiaren aurka agertu da. Udala aurka izanda ere, ordea, Jaurlaritzak aukera izango luke proiektua baimentzeko, Tapia legearen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.