Uraren prezioa, lausoegia bezeroentzat

Uraren prezioan alde handiak daude Lapurdin eta enpresa pribatuek ezin dute prezio bera bermatu herri guztietan. Iaz, 3,09 euro ordaindu zen batez bertze metro kuboa.

AITOR RENTERIA MIARRITZE
2007ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gai lausoa eta korapilatsua da uraren prezioarena. Zenbakien gibelean errealitate ezberdinak daude, eta iragartzen diren kopuruek gaizki ulertzeak eragin ditzakete. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriek finkatzen dute uraren prezioa. Alta, bakarka arituz, herriek ez dute ahalik, eta herri arteko sindikatuetan antolatu dira. Batzuek enpresa pribatuen esku uzten dute uraren kudeaketa, eta bertze batzuek, Baionak adibidez, kudeaketa publikoa dute oraindik. Sindikatu batetik bertzera erabat aldatzen da uraren prezioa. Aturri-Garona sindikatuan, iaz 3,09 euro ordaindu zen metro kuboa.

Enpresa pribatuei dei egiten dieten sindikatuen prezioa, oro har, %20 garestiago da, Que Choisir kontsumitzaile elkartearen arabera. «Ulergarria da hori, kalitate oneko ura duten herriek kudeaketa publikoa hautatzen dutelako, eta txarra dutenek adituengana jotzen dutelako», dio Pascal Le Halpere Lyonnaise des Eaux enpresako Miarritzeko arduradunak. Araztegietako ura nondik hartzen den da, Lyonnaise des Eauxen iritziz, horren azalpena. Egitura publikoa duten herriek uraren %25 Errobitik hartzen dute, %48 mistoa da (erreka eta putzuak)eta %23 lur azpikoa. Lyonnaise des Eauxen kasuan, %25 errekatik hartzen dute, %22 mistoa da eta %53 lur azpikoa.

Uraren kalitateak, sarearen luzerak eta egoerak, bezero kopuruak, araztegien eta saneamendu sarearen egoerak erabat baldintzatzen dute etxean ordaintzen den prezioa. 1995etik 2005era 2,25 eurotik 3,04ra emendatu da metro kuboaren prezioa. Aturri-Garona agentziaren arabera, 1990az geroztik batez bertze %10 emendatu da urtean, nahiz eta apaltze aldera egin duen azken bost urteetan.

Ondoko urteetan prezioak gora egin beharko du. Izan ere, Europako Batasunak neurri zorrotzak ezarri ditu uraren kalitateari dagokienez. 2015ean ur guztien kalitatea bermatu behar da, baita hondartzetakoa ere. Alta, helburu hori lortzen gaitza da, Aturri-Garona agentziaren iritziz. Berak kudeatzen duen eremuan 700 milioi metro kubo ur hartzen dira, horien artean %6lur azalekoak.

Preseski kutsadura handiena lur azpiko uretan atzematen da. Aturri ibaiaren kasuan, laborariek baliatzen dituzten produktuek eragiten dute kutsadura Bidaxune aldean. Errobiren kasuan, kutsadura bakteriologikoa dago. Ura hartzen den guneetatik hurbil animaliak daude, eta ez dira errespetatzen gutxieneko distantziak. Alta, herriek araztegiak egin dituzte ur horiek edangarri bihurtzeko eta handia da azpiegituretan egindako inbertsioa.



PREZIOA EZIN ULERTUZ. «Ulertzen dut jendearen haserrea, ez duelako ezagutzen nola osatzen den uraren prezioa, eta herri batetik bertzera dauden aldaketak zalantzak eragiten dituelako», dio Le Halperek. Kalitatearekin batera, ur sarearen errentagarritasuna funtsezko elementua da prezioen bilakaera ulertzeko.

Hodietan sartzen duten ur kopurua etxeetara heltzen denarekin konparatuz sortzen da errentagarritasun kontzeptua. Gune menditsuetan hodiek lurraren presioa pairatzen dute, eta usu gertatzen dira galerak. Alta, neke da jakitea non gertatzen den galera. Horregatik, errentagarritasuna handiagoa da hiriguneetan, herriguneetan baino.

«Hitzarmenez xehetasun guztiak helarazi behar dizkiegu herri eta botere publikoei», dio Le Halperek. Urtero errentagarritasun kopurua, edateko uraren prezioa eta saneamenduak eragindako prezioa jakinarazten diete arduradunei. «Horrez gain, aztertzen ari gara nola garbitu eta erabili ur zikinak, Lapurdiko kostaldean dauden golf zelaietan baliatzeko, adibidez», azaldu du.

[email protected]





############



Peio Saint-Esteben Errobi-Aturri Aldeko Ur Kontsumitzaileen Elkarteko presidentea

«Ura guztion ondasuna da, ezin dute erabili salmentarako ekai gisa»

Aitor Renteria

Uztaritze

Errobi-Aturri ibaien eremuan kontsumitzaile guztiei prezio bera jartzeko eskatzen du Saint-Estebenek. Uraren produkzioaren prezioa eta banaketarena bereizteko eskatzen du. Kutsaduraren arazoa ere konpondu behar dela dio. Gehien kutsatzen dutenak laborariak izanik, ez zaio zuzena iruditzen kutsaduraren aurkako neurriak kontsumitzaileen sakeletatik ordaintzea.

Uraren prezioa berdintzeko eskatzen duzue. Zergatik?

Lehenik, bereizi beharko dira ur ekoizpenaren prezioa eta banaketarena. Normala iruditzen zaigu lurralde berean dauden herrietan prezio bera ordaintzea. Errobi-Aturri ibaien eremuan hori egiteko eskatzen dugu. Ongi aztertzen bada gaia, aise ikus daiteke ekoizpen handiena Lapurdi barnealdean egiten dela, nahiz eta hiri handiak kostaldean egon. Alderantziz, biztanle gehienak hirietan egonik, prezioak merkeagoak dira bertan. Sistema osoa usteldua dago, eta hori zuzendu behar da.

Zergatik diozu hori?

Herri batzuek ustiapen kontratuak egin zituzten duela 20 urte Lyonnaise des Eaux enpresa pribatuarekin. Jakin behar da bakarrik zerbitzua emateagatik enpresa horrek kudeaketa eta egokitze lanak egiten dituela, ez inbertsioak. Alta, pertsona batek urtean 120 metro kubo ur baliatzen baditu, ordainketaren %45 Lyonnaise des Eaux enpresarentzat da, %30 inbertsioak eta funtzionamendua bermatzen duen herri arteko sindikatuarentzat eta gaineratekoa zergak dira. %15kutsaduraren aurka borrokatzen den ur agentziarentzat, adibidez. Enpresa pribatuek kudeatzen dituzten sareetan prezioak %20 garestiagoak dira. Ura denen ondasuna da, ezin dute batzuek erabili salmentarako ekai gisa.

Nola konpontzen da bigarren egoitzen arazoa?

Zaila da, baina zuzena dirudi bigarren egoitzei prezio handiagoa ordainaraztea. Gehienek bi hilabetez baliatzen dute etxea, baina urte osoan bermatu behar da zerbitzua.

Eta kutsaduraren arazoa?

Nekazaritzak eragiten du hemengo kutsaduraren %80, baina garbiketaren %4 baino ez du ordaintzen. Bezero guztiok ordaintzen dugu haiek eragindako kutsadura.





############



Sei urtez milioi bat metro kubo urisuri dira Errobira, garbitu ondoren

Errobi ibaia ezaxolakeriaren lekuko izan da 2001. urtetik 2006ra. Izan ere, sei urte horietan milioi bat metro kubo ur isuri dira ibaira, Uztaritzeko araztegian garbitu ondoren. Sistemaren mugak argira ekarri ditu gertakariak. Baionatik pasatzean Ura sindikatuak kudeatzen dituen hodiek eta Baionako Herriko Etxeak kudeatzen dituenek bat egiten dute. Sei urte pasatu behar izan dira lanen ordainketa hitzartueta burutu ahal izateko.

Aspaldian Baionako Herriko Etxeak Ursuia aldean dauden iturriak erosi zituen, handik ura eramateko Baionara. Geroztik inguruko herriak hazi dira, eta ur beharra daukate. Ura sindikatuak --hamazazpi herri biltzen ditu- Baionako Herriko Etxeari erosten dio behar duen uraren erdia abantzu. Errobi ibaia Baionatik pasatzen den gunean, San Frederic deritzon eremuan, hodieriaren jabea Baionako Herriko Etxea da, eta Ura sindikatua erabiltzaile. Alta, egin beharreko lanak garestiak ziren, eta Baionak ez zuen presarik horiek burutzeko. Anartean, Ura sindikatuak Uztaritze inguruko ur zikinak hartu, garbitu eta Errobi ibaira isurtzen ikusi ditu.

Lanak burutzeko sisteman ere ez ziren ados jarri. Hastapen batean urpekarien bidez konpontzen saiatu ziren, baina saioak porrot egin zuen. Azkenean, lur azpitik bi zulo egin behar izan zituzten, matxura atzeman eta itxi ahal izateko. Idortea zela-eta bezeroei arduraz aritzeko eskatzen zitzaielarik, agintarien jarrerak herritarren haserrea eragin zuen.





############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.