AHTaren aurkako eguna izan da gaur Euskal Herrian. Gaur goizeko 10:30ean abiatu da Urbinatik (Araba), AHTaren aurkako protesta egiteko oinezko martxa. Asteazkenean epaituko dituzte 2009ko urtarrilean Urbinan AHTaren aurkako protestaldi batean atxilotutakoak, eta horiei elkartasuna adierazteko gaurko antolatu duten ekitaldietako bat da martxa.
Arratsaldean 18:00etan manifestazio nazionala egin dute AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, Gasteizen. Urbina berreskuratu, AHT gelditu! Epaiketarik ez! izango dal leloa. Jende askok hartu du parte.
Sei auzipetu, eta bost espetxe zigor eskaera
2009an zortzi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Urbinan, eta seiren aurkako karguak aurkeztu dituzte. Sei horietatik bosten aurka espetxe zigorra eskatu dute. Atxilotutako lauren aurka, hain justu, bi urteko espetxe zigorra eskatuko dute desordena publikoengatik, eta beste bati agintaritzaren aurkako atentatua egitea gaineratuko diote; lau urteko zigorra eskatuko dute horren aurka. Beste bati isuna ezarri nahi diote desobedientziagatik.
Epaituko dituzten gazteek aste honetan salatu dutenez, atxilotuta egon ziren ia hiru egunetan jaso zuten tratu "oldarkorra, umiliagarria eta iraingarria" salatu dute. Bide batez, gogorarazi zuten AHTa egiteko lurra "denbora batez" berreskuratzeko ekimenean baino ez zutela parte hartu, eta gehienek hori ere ez zutela lortu.
Bestalde, epaiketaren harira, mila pertsona inguruk beren burua erruduntzat jo dutela azaldu dute Elkarlaneko kideek. Epaituko dituzten pertsonekiko elkartasun moduan, autoinkulpazio kanpaina bat hasi zuten duela hiru aste, eta oraindik bilketa lana egiten ari diren arren hasiera bateko helburua beteko dutela uste dute.