Bukatu da 2009ko urtarrilean Ertzaintzak Urbinan AHTaren aurkako protesta batean atxilotu zituen sei lagunen aurkako epaiketako gaurko saioa, Arabako Epaitegian, eta fiskalak hurrengo asteko ostiralean jakinaraziko ditu eskaerak ofizialki. Pablo Remirez, Justo Arriola, Aitor Aspuru, Ekaitz Lotina, Imanol Madariaga eta Julio Villanueva dira auzipetuak.
Remirezen abokatuak eta fiskalak, ordea, akordioa lortu dute: urtebeteko kartzela zigor eskaera —agintaritzaren aurkako atentatuagatik—, 815 euroko kalte-ordaina zauritutako ertzain bati eta 180 euroko isuna. Lau urteko espetxe zigor eskaera zeukan lehen: desordena publikoengatik bi eta agintaritzaren aurkako atentatua egiteagatik beste bi.
Orain arte behintzat, bi eta lau urte arteko kartzela zigorrak eskatu ditu fiskalak auzipetuentzat; besteak beste, desobedentzia eta agintarien aurkako atentatua leporatuta.
Auzipetuek epaitegian sartu aurretik esan dute paradoxa dela erasotzaileak izatea salaketa jarri dutenak, eta erasotu zituztenak, auzipetuak. Hainbat lagunen babesa jaso dute, eta sostengua ematera joandakoek auzia artxibatzea eskatu dute, eta salaketa AHTa bultzatzen ari direnen aurka jarri beharko litzatekeela esan dute.
2009ko urtarrilaren 17an abiadura handiko trenaren aurkako martxa egin zuten Urbinan, eta Ertzaintza gogor oldartu zitzaien protestagileei.
Larunbatean Urbina eta Gasteiz martxa batean lotu zituzten, eta Arabako hiriburuan ehunka pertsona manifestatu ziren auzipetuei babesa emateko.