Barbaringo gizon bat atxilotu zuen atzo Nafarroako Foruzaingoak abuztutik etxetik falta den Maria Angeles German Urbiolako bizilagunaren desagertzearekin zerikusia zuelakoan. Baina M.C.P. gizonezkoa ez ezik, haren emaztea ere atxilotu egin dute, hura ere desagertze berarekin lotuta. Desagertuaren familiak agertu du atxikita dauzkaten senar-emazteak Germanen eta haren senarraren lagun-minak zirela, eta harriduraz hartu dituztela atxiloketak. Zenbait iturrik atzo zabaldu zuten desagertutak eta atxilotutako gizonak bikote harremana izan zutela, eta familiak zehaztu du, hala izan bada ez zutela horren berririk.
German abuztuaren 9an desagertu zen. Urbiolako ostatua kudeatzen zuen. Egun horretan txakurra albaitariarengana eraman behar zuen Los Arcosera. Senarra 13:30 aldera abiatu zen lanera, Noaingo aireportura. Gauean, etxera itzuli zenean, emaztea falta zela ikusi zuen. Sakelakora deitu, eta ez zion erantzun. Autoaren eta txakurraren arrastorik ere ez zegoen.
Familiak salaketa jarri zuen, eta haren kasuaren berri nazioarteko polizietara zabaldu zuen Foruzaingoak. Baina ez zuten arakatzerik egin, ez zegoelako «horiek hasteko zantzurik». Hilabete hauetan ez dute aurkitu emakumearen aztarnarik, eta familiaren artean kezka areagotzen joan da. Irailaren 16an elkarretaratzea egin zuten Zizurren, Germanen familiari elkartasuna azaltzeko.
Istripuarena eta hilketarena da foruzainek kasuaren inguruan dituzten bi hipotesi nagusiak. Baina aitortu dutenez, bigarrena indar gehiago hartzen ari da asteak igaro ahala.
Gizartea
Urbiolako desagerketarekin lotuta atzo atxilotutako gizonaren emaztea ere atxikita daukate
Haien etxea miatu dute gaur goizean, Barbarinen (Nafarroa). Maria Angeles German abuztutik falta da. Desagertuaren familiaren arabera, atxilotutako senar-emazteek harreman estua zuten Germanekin eta haren gizonarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu