Dirudienez, ezbehar bat izan zen dena. Horrenbeste denboran Maria Angeles Germanen bila ibili ostean, desagertzearekin lotura izan zutelakoan bi lagun atxilotu ondoren eta hilketaren hipotesia aparteko indarra hartzen joan zela jakin eta gero. Auto istripu bat, non eta lehendik ere hainbat zirkulazio ezbehar gertatu izan ohi diren errepide zatian, gainera. Iragan abuztuaren 9tik Urbiolatik (Nafarroa) desagertuta zegoen andrazko honen automobila etxetik gertu aurkitu zuten joan den asteartean, errepide ertz bateko putzu batean, lokatz artean tapatuta. Itxura guztien arabera,barruan zegoen hilotza German berarena da. Nolanahi ere, hori baiezta dezakeen autopsiaren emaitza oraindik ez da publiko egin.
Harridura eragin du andrazko desagertuaren arrastoa etxetik hain hurbil agertzeak—Urbiolatik 1,5 kilometrora—. Inguru horietan, gainera, ibili ziren desagertutako emakumearen bila. Asteartean, errepide bazterreko sastrakak kentzen ziharduten hainbat langilek automobila ezustean aurkitu zuten .
Atzo hasi zitzaizkion auto barruan aurkitutako hilotzari autopsia egiten. Hilotza Maria Angeles Germanena den eta nola hil zen argitu nahi dute. Istripu baten ondorioz zendu zela pentsatzera bultzatu ditu ikertzaileak, automobilak muturra eta aurreko beira hondatuta dituelako, eta ibilgailuko airbaga irekita zegoelako. Ibilgailu barruan aurkitu dituzte Germanen sakelako telefonoa, poltsa eta dokumentazio guztia. Los Arcosera (Nafarroa) zihoan, txakurra albaitariarengana eramatera, eta agertu diren zantzuen arabera, abiatu eta berehala izan zuen istripua. Txakur baten hilotza ere agertu da autoan.
Lasaialdia
Urbiolako bazterrak aztoratu egin zituen emakume honen desagertzeak. Oso ezaguna zen herrian, bertako ostatua kudeatzen zuelako. Kasua argitzear egon daitekeela eta, lasaialdia hartu dutela azaldu dute herritarrek. «Lasaiago gaude, itxura denez istripu bat izan zela ematen duelako. Kasua azkenean guztiz argitzen bada, denok lasaiago egongo gara», azaldu du Urbiolako kontzejuko presidente Jose Ignacio Urrak.
Bizilagunek nabarmendu dutefamiliak alboratu ahal izango duela hilabete hauetan izan duen «larrimina» dena esperotako bidetik argitzen bada. Maria Angeles German, 44 urtekoa, senarrarekin bizi zen Urbiolan desagertu arte.
Kasu honekin lotura izan zezaketela eta,Barbaringo (Nafarroa) bi lagun atxilotu zituzten urrian, senar-emazteak. Aurrena gizonezkoa atxilotu zuten, eta aurrerago emaztea ere atxilotuta zegoela jakin zen. Handik aldi batera jakin zen Maria Angeles Germanek bikote harremana izan zuela atxilotutako gizonarekin, eta bi emakumeen arteko harremana ozpinduta zegoela.
Deklaratu eta berehala utzi zuen libre epaileak atxilotutako emakumea. Gizonaren atxiloaldia, ostera, luzatu egin zuen bi egunez, eta, libre utzi eta gero ere, hamabost egunean behin epaitegira sinatzera joateko agindua eman zion.
Urbiolan falta zen andrearen kasuan istripuaren hipotesia nagusitu da
Maria Angeles Germanen autoan aurkitutako hilotzari autopsia egiten ari zaizkio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu