EUSKAL PRESOAK

Urgentziazko bilerak egingo ditu Herrira-k hainbat eragilerekin

Arrratsaldeko 17:00etan, batzar informatiboa egingo dute Donostiako Ospitalean. Bihar, Martin Garitanorekin bilduko direla aurreratu dute. Uribetxeberriak gose greba hasi duela iragarri du, bizi duen muturreko egoera salatzeko. Tratu justu eta duina eskatu du.

2012ko abuztuaren 9a
14:52
Entzun

Josu Uribetxeberria euskal presoaren egoera salatzeko eta hari babesa agertzeko Herrira mugimenduak egunotan antolatutako ekimenak jarraipena izan du gaur Donostiako Ospitaleko ataritan. Bertan, elkarretaratzea egin dute, eta ordezkaritza politiko zabala bildu da; besteak beste, ezker abertzaleko, Aralarreko, Alternatibako eta EAko kideak izan dira.

Herrira-k jakinarazi du urgentziazko bilerak egingo dituela hainbat eragilerekin eta arratsaldeko bostetarako batzar informatiboa iragarri du, Donostiako Ospitalean. Gainera, aurreratu dute bihar Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia preso gaixoaren senideekin eta Etxerat eta Herrira elkarteetako ordezkariekin bilduko dela. 

Uribetxeberria euskal presoak gose greba hasi du Donostiako Ospitaleko ziegan, bizi duen muturreko egoera salatzeko. Gose greba 00:00etan hasi du, eta gutun baten bidez azaldu ditu bere erabakiaren zergatiak. "Gose greban hasiko naiz, nahiz eta jakin nire egoeran egonda ez dudala asko iraungo", dio arrasatearrak. Espainiako Gobernuak gaixorik larri dauden presoekiko eta senideekiko duen tratua onartezintzat jota erabaki du gose greba hastea. Tratu justu eta duina eskatu du.

"Euren legeen arabera, ni kartzelan nago. Orain, gaixo larria naiz, eta, euren legeen arabera, eskubidea dut baldintzapeko askatasunean kaleratua izateko. Ez dut uste asko eskatzea denik. Nire denbora badoa, duintasunez igarotzea besterik ez dut nahi", adierazi du Uribetxeberriak. 

Gara egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean aurreratu zuen gose greba egiteko aukera. "Askatasuna ukatzen badidate, erabaki gogorra izango da niretzat, baina ez dago atzera egiterik. Gelditzen zaidan bide bakarra gose greban jartzea izango litzateke, eta nire egoeran egonda, ez dut uste asko luzatuko litzatekeenik", azaldu zuen arrasatearrak elkarrizketan. 

Uribetxeberriak metastasia du, eta astebete pasa darama jada Donostiako Ospitalean. 2005ean minbizia atzeman zioten arren, preso eduki dute, eta gaixotasuna okertu zaio. Beste bi nodulu atzeman dizkiote: buruan bat, eta biriketan bestea. Jose Antonio Ortega Lararen bahiketan parte hartu izana egotzita dago preso. 1998an, 32 urteko espetxe zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.