"[Espainiako] Auzitegi Nazionalean edozerk izan dezake eragina, edozer gerta daiteke. Auzitegi Nazionalean ezin da espero irizpide juridikoak gailentzerik", adierazi du Iñaki Uria Egunkaria-ko kontseilari ordezkari izanak, ETBko El Punto saioan, itxieraren 4. urteurrenaren harira egin dioten elkarrizketan. "Guk espero dugu da auzia artxibatzea, eta hori da behin eta berriro eskatzen duguna".
Fiskaltzak berak auzia ixteko eskatu zuela oroitarazi du Uriak, sumario guztian delitu aztarrenik ez dagoela iritzita. Baina oraindik epaimahaiak ez du erabakirik hartu. Argi du, ordea, ahozko epaiketa egingo balitz auzipetuen kalterako izango litzatekeela, hain justu, Auzitegi Nazionalean irizpide juridikoak ahulak direlako. "[Epaiketa egitea] txarra litzateke guretzat. Ikusita Auzitegi Nazionalean gauzak nola doazen, ikusita gauzak nola egiten dituzten, oso txarra litzateke. Haika-Segi edo 18/98 auzietan ikusi da frogak ez dituztela kontuan hartzen. Epaiketa amaieran fiskala hasierako ondorio berak egiten aurkezten ari dela, frogak aintzat hartu gabe. Eskaerak aldatu dituzte, baina datu beretan oinarrituz egiten ditu", salatu du.
Auzia argitu gabe egon arren, Egunkaria dagoeneko likidatuta dagoela azpimarratu du, enpresa gisa ez dela existitzen,Juan del Olmo epaile instruktoreak likidazioa agindu zuelako. "Epaile instruktoreak Egunkaria ixteaz aparte, likidatzeko eskatu zigun. Gainera, guk geuk likidatu genuen, modu ordenatu batean, egin izan ez bagenu oraindik-eta egoera okerragoan egongo zen-eta". Ildo horretatik, dagoeneko kalte handi bat egina dagoela adierazi du, eta Egunkaria-ko akzionistek ordainen bat jaso beharko luketela.
Hala ere, beste kalte klase bat inolako ordainekin ezin dela konpondu nabarmendu du, Egunkaria auzian nahastutako hainbat lagunek jasandako kalte pertsonalak: "Guri pertsonalki egin digutena ezin da konpondu. Torturak, edo urte eta erdi kartzelan egotea, hori ezin da konpondu".
Torturei dagokienez, hamar atxilotuetatik bostek tortura salaketa egin zutela eta beste bik salaketa jarri ez arren jasan zituztela agertu du Uriak, baina kasu horietatik guztietatik, berea dela epaitegietan aurrera doan bakarra. "Bost salaketetatik lau artxibatuta daude dagoeneko. Nire kasuan, oraintsu, epaile batek aurreneko aldiz entzun egin dit. Eta egin zidatena kontatu nionean, sinesgarritasuna eman zion esandakoari, eta epaiketa abiatzea erabaki zuen. Dena den, bitxia izan arren, fiskaltzak helegitea aurkeztu du epailearen erabakiaren aurka, ustez fiskaltza biktima babesteko dagoenean. Guardia Zibilaren abokatuek ere helegitea aurkeztu dute. Hala ere, epaileak nahiko argi utzi zuen helegite horiek aurrera egiteko aukera gutxi dutela".
'Egunkaria' itxi zutela 4 urte
Uria: "Auzitegi Nazionalean ezin da espero irizpide juridikoak gailentzerik"
'Egunkaria auzia' ixteko eskatu du berriro, eta =i 18/98 auziko=i eta =i Haika-Segi=i-ko aurrekariak ikusita, epaiketa egingo balitz edozer gerta daitekeela nabarmendu du. Auzia oraindik itxi gabe dagoen arren, 'Egunkaria' dagoeneko enpresa gisa ez dela existitzen gogorarazi du, epaile instruktoreak likidazioa agindu zuelako. Torturei dagokienez, bere salaketan oinarrituta epaiketa abiatzea erabaki du epaileak, baina fiskaltzak helegitea aurkeztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu