EAJren EAren, EB-IUren eta Aralarren aldeko botuekin eta PPren eta PSE-EEren kontrakoekin onartu dute ez arauzko mozioa Gipuzkoako Batzar Nagusian. Agiri horretan "bidegabeak, gehiegizkoak, diskriminatzaileak eta bete ezinak" direla diote Iñaki Uriak "bizi duen behin behineko presoaldi egoerari amaiera emanez eta bere askatasuna berreskuratu ahal izan dezan Entzutegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehenengo Atalak ezarritako neurriak"
Auto hartan ezarritako "fidantza kopuruak, fidantza eratzeko moduak eta egunero bere etxetik hurbileneko polizia etxean agertzeko beharrak" ez duela inolako justifikaziorik diote, eta gainera, fidantza horiek ordaintzeko modukoak izan behar dutela gogorarazi dute.
Beraz, Iñaki Uriak "askatasuna berreskura dezan" eta "diskriminazio egoerari amaiera emateko behar diren neurri guztiak hartzeko" eskatu diote Espainiako Fiskaltza Nagusiari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Lehendakaritzari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko Lehenengo atalari eta Espainiako Auzitego Nazionaleko Seigarren Zenbakidun Instrukzio Epaitegi Zentralari.
EAJk, EAk eta EB-IUk aurkeztutako proposamenak uste baino bozka gehiago jaso ditu. Gipuzkoako Batzar Nagusietan 51 batzarkide daude. Honela dago banaketa: EAJk 16 ordezkari ditu, PSE-EEk 12, EAk 11, PPk 8, EB-IUk 3 eta Aralarrek 1. EAJrenak, EArenak, EB-IUrenak eta Aralarrenak zenbatuz, 31 dira, eta horiek ziren espero ziren aldeko bozak. Proposamena aldeko 32 bozkarekin onartu da, ordea. Gaur, 43 batzarkide joan dira bilkurara, eta falta zirenetako bat behintzat EAkoa zen. Beraz, PPko edo PSE-EEko gutxienez bi batzarkidek proposamenaren aldeko boza eman dute.
PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu du
PSE-EEk osoko zuzenketa aurkeztu du, baina ez da bozkatu ere egin, aurreneko proposamena onartu denez. Proposamen horretan Espainiako Fiskaltza Nagusiari Iñaki Uriaren askatasun baldintzen inguruan hausnarketa berriz egiteko eskatu diote.
Gainera, kezka agertu dute, Egunkaria itxi zutenetik 14 hilabete pasa arren sekretupeko sumarioa ez delako altxatu.
'Egunkaria auzia'
Uriak "askatasuna lortu dezan" neurriak hartzeko eskatu diote Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Justiziari
EAJk, EAk eta EB-IUk aurkeztu zuten proposamena eta hiru haien eta Aralarren batzarkideen baiezko botoekin onartu da, gaur (32 baiezko bozka). PPk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute (11 bozka). Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Justiziari eskatu diote Egunkaria SAko kontseilari ordezkari Iñaki Uriak bizi duen "diskriminazio egoerari amaiera emateko behar diren" neurriak hartzeko. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak jarritako neurriak "bidegabeak, diskriminatzaileak eta bete ezinak" direla jasotzen da, eta ez dutela "inolako justifikaziorik" azpimarratzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu