Inaxio Uriaren senitartekoek adierazi dute ez dutela terrorismoa kondenatzen ez duen inor ondoan nahi etzi hildakoaren omenez egingo duten bilkuran. Larunbatean ETAk Inaxio Uria enpresaria hil zuenetik hiru urte beteko dira eta Uriaren senitartekoek hamabost minutuko elkarretaratzea egingo dute Loiolan, hilketa izan zen lekuan dagoen monolitoan.
Euren esanetan, ez da nahikoa indarkeria gaitzestea, "kondenatu" egin behar da eta "hitz hori" ez omen diete "ezker abertzaleko hainbat kideri entzun". Gaineratu dute etorkizunean halakorik esatea "berandu" izango dela.
Enpresariaren familiak adierazi du Euskal Herriak ez duela inolako "gerrarik" bizi izan urteotan, "inposaketa" bat baizik, "ETAren heriotz zigorra". Senitartekoek esan dute ez dutela "erruki edo barkamenik" eskatzen, "justizia, kondena eta errespetua" baizik. Euren hitzetan, "ez dute gizatasunik ikusten ezker abertzalearengan".