'Egunkaria auzia'

Uriaren tortura salaketagatik ahozko epaiketa abiatuko duela iragarri du epaileak

Hala jakinarazi die aldeei Nekane Rodriguez Donostiako Instrukzio Auzitegiko epaileak, Iñaki Uria =i Egunkaria=i-ko kontseilari ordezkari izan zenari deklarazioa hartu ostean. Epaile batek "entzun" dion aurreneko aldia dela nabarmendu du Uriak deklaratu eta gero. 50 bat lagun batu dira atarian elkartasuna adierazteko.

2007ko otsailaren 8a
18:55
Entzun
Iñaki Uriak atxilotu eta inkomunikatuta eduki zuten guardia zibilen kontra egindako tortura salaketak aintzat hartu eta ahozko epaiketa abiatuko duela iragarri du Donostiako Instrukzio Auzitegiko epaile Nekane Rodriguezek. Dagoeneko hala jakinarazi die auziko aldeei.

Uriak epailearen aurrean deklaratu du gaur, eta pozik agertu da irten denean. Izan ere, gaurkoa epaile batek "entzun" dion aurreneko aldia izan dela esan du, eta torturaren kontra aurreraurratsa izan litekeela ahozko epaiketa hori egitea. Joxe Mari Elosua abokatuak ere bide bat zabaldu dela iritzi dio.

Egunkaria-ko kontseilari ordezkari izan zenak deklaratzen zuen bitartean, 50 bat lagun batu dira atarian, Egunkariaren Alde Elkarteak antolatutako elkarretaratzean. Besteak beste, han izan dira gainerako auzipetuetako gehienak -Joan Mari Torrealdai, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi eta Txema Auzmendi- eta haiekin batera Joan Mari Irigoien eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazleak, Mariano Ferrer kazetaria, Xabier Mendiguren Kontseiluko burua,Joseba Alvarez Batasuneko kidea, Oxel Erostarbe Aralarren Gipuzkoako koordintzailea, Xabier Perez Herrero ELAren Donostialdeko arduraduna, eta Jesus Uzkudun Euskadiko CCOOko Lan Osasun arduraduna.

2003ko otsailaren 20an atxilotu zuen Guardia Zibilak Uria, Egunkaria-ko arduradun ziren edo izandako beste bederatzi lagunekin batera. Beste zenbaitek bezala, torturak jasan zituen. Ondoren, hilabete luzeak egin zituen espetxean, baldintzapean aske utzi zuten arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.