Eusko Jaurlaritza LOMCEren aurka dago; hainbatetan esan dugu". Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak argudiatu du Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako azterketak ez duela loturarik Espainiako Hezkuntza Legearen aldaketarekin. Aldiz, proba hori Heziberri eta "hezkuntza sistemaren hobekuntzarekin" lotuta dagoela azaldu du.
EH Bilduko Belen Arrondok gaiari buruz galdetu zion Uriarteri Eusko Legebiltzarrean, azken egunotan lau ikastetxek planto egin ostean azterketaren aurrean. Sailburuak azterketen "erabilera politikoa" egitea leporatu zion Arrondori, baita "herritarrak nahastea" ere.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikastetxetan egin nahi duten "probako azterketa horrek" datorren urterako proba diagnostikoa prestatzeko "informazio baliagarria" emango duela azaldu du Uriartek. Proba diagnostiko hori LHko 4. mailan egin izan du Hezkuntza Sailak, LOMCE onartu baino lehen. Halaber, familiei "erantzukizunez jokatzea" galdegin zien.
Arrondok LOMCEk agindutakoa betetzea egotzi dio Uriarteri, alde batetik azterketa horiek egiteko "arrazoi pedagogikorik" ez dagoelako, eta hezkuntza sistemari "kalte" egiten diotelako.