Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseilu osteko prentsaurrekoan eman ditu azalpenak Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Lehen Hezkuntzako hirugarren mailako ikasleei egingo dieten probaren inguruan azken egunetan sortutako zalaparta ez duela ulertzen esan du, argudiatuta proba hori hezkuntza eragileekin, gurasoekin eta alderdi politikoekin adostutako curriculumean ageri dela. Eragile horiek bazuten probaren berri "eta ez zuten ezer kontra esan", Uriarteren arabera.
"Diagnostiko proba" bat egingo dutena, eta ikastetxe nahiz ikasleentzat "onuragarria" izango da, Uriartek adierazi duenez. Izan ere, horren bidez neurtuko dute zein egoeran dauden ikasleek lortu beharreko gaitasunak. Halaber, gogorarazi du emaitzek ez dutela eraginik izango ikasleen ikasturte amaierako notan.
Jaurlaritza LOMCE Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoaren aurka dagoela berretsi du Uriartek, eta uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan egitekoak diren probak ezin direla alderatu Espainiako legearen arabera egin behar diren "errebalidekin".