Hezkuntza

Uriartek esan du unibertsitatearekin adosten jarraituko dutela sarrera proba

LOMCErekin zer gertatuko den ez jakiteak ez duela ikasleengan eraginik izango esan du sailburuak. Oro har, iaz baino 3.000 ikasle gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Cristina Uriarte eta Juan Mari Aburto, gaur, Felix Serrano ikastexeko Haur Hezkuntzako ikasleekin, ikasturte berriko lehen egunean. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.
2016ko irailaren 7a
07:22
Entzun

Gaur bukatu zaizkie udako oporrak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 373.117 ikasleei. Espainiako Gobernuarekin zer gertatuko den ez jakiteak ezohiko bihurtu du ikasturte berria. Ez dago argi LOMCErekin zer gertatuko den. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Bilboko Felix Serrano ikastetxean izan da goizean, bere lan taldeak eta Juan Mari Aburto alkateak lagunduta. Ezin izan du argitu aurten errebalida edo selektibitatea egingo duten Batxilergoko ikasleek. "Azken egunotan [Iñigo Mendez de Vigo Espainiako] Hezkuntza ministroak LOMCE indarrean sartuko dela esan du, baina joan den ostiralean esaten zuten indarrean ez sartzea negoziatzeko prest daudela. Ez dute argitzen, eta ezin dugu egoera horretan jarraitu. Gu, gurera".

"Gurera" hori "orain arteko bidea jarraitzea" dela argitu du. Hau da, Heziberri 2020 planean Eusko Jaurlaritzak onartu dituen curriculumek finkatutakoa ikasi beharko dute. Atzo onartu zuen azkena, Batxilergoari dagokiona. Eta, unibertsitatera sartzeko hautaprobari dagokionez, unibertsitatearekin adosten jarraituko dutela zehaztu du, curriculuma oinarri hartuta. Aurten Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleek eta DBHko bigarren mailakoek ebaluazioa egin beharko dutela gogoratu du; Lehen Hezkuntzako hirugarren mailakoei ikastetxe barruko proba egingo diete.

Ikasturte berriari dagozkion datuak emateko ere aprobetxatu du bisita Uriartek. 3.000 ikasle gehiago daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, Haur Hezkuntzako matrikulazioek behera egin duten arren. Jaiotza tasa apaltzeak eragin du hori. Gora egin du bereziki Lanbide Heziketako matrikulazioak: %5,3. Jorge Arevalo sailburuordearen esanetan, egoera ekonomikoa hobetzeak eragina izan du horretan. Igoera horri erantzuteko datorren udarako Lanbide Heziketarako lan eskaintza publikoa iragarri du Uriartek. Ez du zehaztu zenbat postu izango diren, baina uda honetako eskaintzaren parekoa izan daitekeela aurreratu du.

Sareei dagokienez, publikoak eta itunpekoak erdibana banatu dituzte ikasleak. Hizkuntza ereduetan ere ez da aldaketa nabarmenik egon: oro har, %65,2k aukeratu dute D eredua. Hala ere, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan hiru herenen bueltan dabiltza euskarazko hezkuntzaren alde egin dutenak. Beketarako 55 milioi euroko diru sorta dagoela esan du Uriartek, nahiz eta handitzeko aukera egongo den. Iaz, 190.000 bekadun izan ziren; inoizko kopururik handiena. Gehien igo zirenak jantokiko bekak izan ziren. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.